Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kalean txiza egiteagatik 35 pertsona zigortu ditu Udalak urtea hasi zenetik hona

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2023/03/24

250 euroko isuna jarri zaio arau-hausle bakoitzari, kale-garbiketa arautzen duen Udal Ordenantzaren 39. artikuluan oinarrituta. Alkateak hauxe esan du: "Zigor hauekin herritarrak kontzientziatu nahi ditugu kaleak garbi edukitzearen garrantziaz; gainera, isunak disuasio-neurri ere badira, honelako jokabide antizibikorik berriro gerta ez dadin”.

Urte hasieratik hona, Eibarko Udalak 35 zehapen-espediente izapidetu ditu eremu publikoan txiza egiten harrapatu dituzten pertsonen kontra, portaera antizibiko horiek arautzen dituen araudia aplikatuz. Ezarritako zehapenak 250 eurokoak dira (laster ordainduz gero, 150 eurotan geratzen da).

Azken hilabeteotan, batez ere asteburuetan, Eibarko kaleetan zeuden txiza-putzuak gero eta gehiago zirela ikusita, Jon Iraola alkateak Udaltzaingoari eskatu zion horrelako arau-hausteen kontrola handitzeko, kale-garbiketa arautzen duen Udal Ordenantza aplikatuz.

Zehapenak Ordenantzaren 39. artikulua ez betetzeagatik ezartzen dira. Artikulu horrek oso arau-hauste larritzat jotzen du “eremu publikoan behar fisiologikoak egitea”. Eta kalifikazioa “oso larria” denez, 450 euroko gehieneko zehapena ezar liteke, nahiz eta 250 euroko zehapenak proposatzen ari diren.

Zehapen horiek ezartzeari dagokionez, Jon Iraola alkateak adierazi du “neurri honekin, Udalak herritarrak kontzientziatu nahi ditu, kaleak garbi eta baldintza higieniko-sanitario egokietan edukitzeak duen garrantziaz jabetu daitezen; eta, aldi berean, disuasio-neurri bat ere bada, horrelakorik berriro gerta ez dadin”.

Era berean, Alkatetzara hainbatetan helarazitako kexen aurrean, batez ere erdialdeko bizilagunek, bai auzoko bileretan, bai beste bide batzuetatik, alkateak adierazi du konfiantza duela isunak ezarri eta “gure kaleetan txiza-lorratz gutxiago izateko balio izango du, garbiketari dagokion alderdiaz gain, elkarbizitza-arazoak ere sortzen dituelako, batez ere asteburuetan, beren pegora eta etxebizitzen ondoan txiza-putzuak jasan behar izaten dituzten pertsonekin, batez ere asteburuetan”.

Iraola prest agertu da era horretako neurriak aplikatzen jarraitzeko, Eibarko kaleen osasungarritasuna eta garbitasuna gehituko duten neurriak erabiltzeko, era honetako kanpainen bidez edo duela gutxi abian jarri diren beste batzuen bidez; esaterako, zakurren jabeei plastikozko botilatxo tolesgarri eta berrerabilgarriak ematea Eibarko dendetan, urarekin eta ozpin pixka batekin bete eta nahasketa bere txakurrak eremu publikoan txiza egin duen lekuaren gainean bota dezaten.