“K Bitamina-Eibarrek behar duen bitamina” bideopodcasta hasi da, herriko merkataritzari ahotsa emateko, ekintzailetza sustatzeko eta herritarrekin konektatzeko
Egitasmoak 10 saltokiren istorioak kontatuko ditu.
Atzo (urtarrilak 7) hasi zen "K Bitamina–Eibarrek behar duen bitamina" bideopodcast-kanpaina. Proiektuaren helburua da ahotsa ematea Eibarko saltokiei eta erakusleiho bakoitzaren atzean dauden pertsonei, eta baita saltoki horiek herriko bizitzari ematen dioten guztiari ere; aldi berean, ekintzailetza sustatu nahi da. Kanpainaren lehenengo bideopodcasta Eibarko Moapics dendarekin hasi da.
Egitasmoa ideia batetik abiatzen da: saltokiek ez dituzte soilik produktuak saltzen. Herriko dendak bitamina hutsa dira Eibarrentzat: enplegua sortzen dute, ekintzailetza sustatu, aberastasuna banatu, eta kaleak girotzen dituzte. Bideopodcast honen bidez, balioan jarri nahi da komunitatean duten funtsezko lana eta erakutsi herriko komertzioan ekintzaile izatea benetako eta gertuko aukera bat dela etorkizunean ere.
“K Bitamina” egitasmoak 10 saltokiren istorioak kontatuko ditu: haien ibilbideak, eguneroko erronkak eta herriaren ehun sozial eta ekonomikoan egiten duten ekarpena. Dendarien lana aitortzeaz gain, ekimenak inspirazio iturri izan nahi du, beste pertsona batzuk beren denda martxan jartzera animatzeko, benetako esperientziak eta gertuko komertzio-adibideak ikusita.
Atzo hasi zen kanpaina (urtarrilak 7), eta asteazkenero kapitulu bat argitaratuko da. Atalak sare sozialen bidez zabalduko dira, eta Udalaren YouTube kanalean ikusi ahal izango dira, jendearengana erraz iristeko eta herriko merkataritzaren ikusgaitasuna indartzeko.
Proiektu hau Eibarko Udalak antolatu du, Eibar Merkataritza Gune Irekia elkartearekin lankidetzan, eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak finantzatzen du.
Herriko merkataritzaren alde egitea gertuko ekonomia jasangarriago baten alde egitea da. “K Bitamina-Eibarrek behar duen bitamina” egitasmoak, halaber, lagungarri izan nahi du, Eibarko etorkizun ekonomiko eta soziala gogoan, denda bat jarri nahi dutenentzat.
Erlazionatutako albistea: