Justiziak Eibarko Udalaren alde ebatzi du "Errebal Eraikina ABEE" enpresarekin duen auzian

Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak, jada 2024ko martxoan,159.407,14 eurotik 37.627,99 eurora murriztu zuen ABEE enpresa-elkarteak obra-amaieraren kontzeptuan Udalari eskatzen zion zenbatekoa. Orain, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ABEEa kondenatu du Udalari 106.496 euro ordaintzera konpentsazio gisa, obra 20 eguneko atzerapenarekin amaitzeagatik.
Justiziak amaiera eman dio Eibarko Udalak, Errebal Plazako obra amaitu zenetik, “Errebal Eraikina ABEE” enpresarekin zuen auziari.
Bi erakundeen arteko auzia guztiz bereizitako bi puntutan zehazten zen. Lehenengoa, Eibarko Udalak "Errebal Eraikina ABEE" enpresari egindako lanengatik ordaindu behar zion Obra Amaierako Egiaztagiriaren zenbatekoa. Udalaren arabera, zenbateko hori 463.380,73 eurokoa zen; "Errebal Eraikina ABEE" enpresaren ustez, aldiz, 622.787,87 eurokoa, hau da, 159.407,14 euro gehiago. Bigarren puntua obra berandu amaitzeagatiko zigorra zen.
Lehen auzialdian, Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 3 zenbakiko Epaitegiak ebatzi zituen bi gai horiek, 2024ko martxoaren 27ko epaiaren bidez, zeinaren arabera, zehazten zen Eibarko Udalak 501.008,72 euro ordaindu behar zizkiola "Errebal Eraikina ABEE"-ri obra-amaieragatik, hau da, hasieran aurreikusitakoa baino 37.627,99 euro gehiago. Hori horrela, epaiak nabarmen murrizten zuen enpresa eraikitzailearen pretentsioa, adierazi den bezala, 159.407,14 euro eskatzen baitzituen kontzeptu horrengatik.
Gainera, epaiaren arabera, "Errebal Eraikina ABEE" enpresa 37 egun atzeratu zen obra amaitzen, eta Eibarko Udalari 197.017,80 euro ordaintzeko zigorra ezarri zion enpresari.
"Errebal Eraikina ABEE" enpresak epai hori errekurritu egin zuen Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian—atzerapenagatik jarritako zigorrari dagokionez bakarrik, atzerapena txikiagoa izan zela uste zuen-eta—.
Orain, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak ondorioztatu du obra amaitzeko atzerapena ez zela 37 egunekoa izan, 20 egunekoa baizik, eta "Errebal Eraikina ABEE" enpresak Eibarko Udalari zigor gisa 106.496 euro ordaindu behar dizkiola.
Jon Iraola alkateak positibotzat hartzen ditu emandako epaiak eta, baita “Errebal Eraikina ABEE” enpresarekin zuen prozedura judiziala amaitu izana ere”. “Justiziak Udalaren jarrerei eman die abala. Batetik, obra-amaieragatik ordaindu behar genuen zenbatekoari dagokionez, ez geunden ados “Errebal Eraikina ABEE” enpresak eskatzen zigunarekin, ia 159.000 euro gehiago, hain zuzen. Justiziak 37.000 eurora jaitsi du kopurua. Bestetik, argi genuen “Errebal Eraikina ABEE” izen sozialak atzerapenarekin amaitu zuela obra. Auzitegiak 20 eguneko atzerapena izan zela ebatzi duenez, 106.496 euro ordaindu behar dizkiote Udalari”.
Iraolak hauxe gaineratu du: “Hala ere, datu hauetatik guztietatik harago, garrantzitsuena da irekita zegoen justizia-prozedura behar bezala itxi dela eta horrek alderdi teknikoak zein politikoak egindako lana balioan jarri duela; izan ere, beti izan dugu argi ez genuela ordaindu behar “Errebal Eraikina ABEE” enpresak eskatzen zigun guztia eta Udalak kalte-ordainak jaso behar zituela obra amaitzeko izandako atzerapenarengatik”.