Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Julian Etxeberriatik Jardiñetarako igogailua eta Aldatze eta Itzio arteko urbanizazioa adjudikatuta

2018/04/23

Artzamendi enpresak egingo dituen obren kostua 720.593,62 eurokoa izango da (BEZa barne) eta lanak urte amaierarako bukatuko dira.

Julian Etxeberria erdiguneko kalea Jardiñeta auzoarekin eta Aldatzerekin lotuko dituen igogailu publikoaren eraikuntza eta igogailutik Itziorainoko urbanizazioa Artzamendi enpresari adjudikatu zaizkio 720.593, 62 eurotan (BEZa barne), kontratazio-mahaiak proiektua aurrera eramateko proposamenak baloratu eta gero. Guztira, lizitazio prozesuan lau proposamen aurkeztu dira.

Behin obra adjudikatuta, lanak hemendik hilabete eta erdira hastea aurreikusten da eta urte amaieran bukatzea, exekuzio-epea sei hilabetekoa da-eta.  

Igogailua Julian Etxeberriako 1. zenbakiaren (Telefonikako eraikina) eta 3 zenbakiaren artean kokatuko da eta 26.34 metroko altuera hartuko du Aldatzeraino. Igogailuaren eta Aldatzeren artean dagoen trenbidearen gaineko espazioan pasabide bat jarriko da 11,50 metrokoa.  Altuera 11 metrotik gorako izanik eta eraikin baten eta trenbidearen errailen ondoan egonik tarteko geldialdiak egitea eta emergentziazko eskailerak jartzea ezinezkoa denez, konpentsatzeko neurriak ezarriko dira, igogailuen indarraldiko araudia betetzeko.

Kabinak goialdean ebakuaziorako tranpa-ohol bat izango du, eta horretarako gutxieneko neurri batzuk eskatzen dira; hortaz, hamahiru pertsonentzako igogailu bat aurreikusi da (1.000 kilo).

Adjudikatutako proiektuan, halaber, Aldatzetik Itziorainoko espazio guztiaren urbanizazioa ere sartzen da; horretarako, hobekuntza-lanak egingo dira bai oinezkoentzako guneetan, bai kalean bertan eta sarbideetan.

Proiektu honekin, Eibarko Udalak erantzun bat ematen die Jardiñeta auzoko bizilagunei; izan ere, udal arduradunak auzoen irisgarritasuna hobetzeko lanean ari dira aspalditik, eskailerak eta arrapala mekanikoak nahiz igogailu publikoak jarriz, eta esan beharra dago Eibarrek jarraitzen duela aitzindari izaten plangintza honetan.

Erlazionatutako elementuak