Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jon Iraola, Eibarko alkate berria

Jon Iraola (eskuina) alkate berriak aginte makila jaso du, Miguel de los Toyos (ezkerra) alkate ohiaren eskutik.

Jon Iraola (eskuina) alkate berriak aginte makila jaso du, Miguel de los Toyos (ezkerra) alkate ohiaren eskutik.

2021/03/13

Miguel de los Toyos Nazábal, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agendaren sailburuordea, ordezkatuko du.

Jon Iraola Iriondo Eibarko alkate hautatu dute gaur goizean, Miguel de los Toyos Nazabalen ordez, zeinak joan den otsailaren 24an kargua utzi baitzuen, Alkatetzan ia hamahiru urte egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agendaren sailburuorde kargua hartuz.

Orain arte PSE-EEko bozeramaile eta Obra, Hirigintza eta Ingurumeneko zinegotzi izan den Jon Iraola da alkate berria, aldeko 9 boto, 11 boto zuri eta boto baliogabe bakarra izan ondoren, gaur goizean Eibarko udaletxeko Batzar Aretoan egindako ezohiko Udal Osoko bilkuran.

Ekitaldiak, ohikoa baino aforo murritzagoa izan du pandemiaren ondoriozko segurtasun arauak eta neurriak betetzeko, eta Udal idazkariak eta azken aste honetan jarduneko alkate izan den Alberto Albistegui jaunak zuzendu dute. 

Horien ondoan, Udalbatza osatzen duten talde guztietako hautetsiak egon dira, baita alkate berriaren senideak, lagunak eta adiskide batzuk eta herritar talde txiki bat ere.

Iraolak duela gutxi hil den bere aita zenari zuzendutako emozioz betetako oroitzapen-hitzak izan ditu. Alkate berriak, gainera, Miguel de los Toyos alkate ohiaren lana eskertu du; eta zera nabarmendu du: “kargu berriari erantzukizunez eta herritarren bizi-baldintzak eta -kalitatea hobetzeko uste sendoarekin egiten diot aurre, Eibar hiri oparoagoa, modernoagoa, atseginagoa eta berdintasunezkoagoa izan dadin, gustura bizi izateko herria."

Alkate berriak, bere diskurtsoan, “erantzukizuna, lana edo konpromisoa" bezalako balioak azpimarratzeaz gain, esan du ez duela nahi elkarrizketa baztertzea, ezin duela baztertu. “Ez dut inolaz ere baztertu nahi hitz egiteko premia, eztabaidatzeko eta akordioetara iristeko beharra”, zioen alkate izendatu berriak.

Halaber, azpimarratu du beharrezkoa dela “eskua luzatzea gizartearen, kulturaren, ekonomiaren, kirolaren, euskaltzaleen, gazteen eta, oro har, herritarren gizarte-ehun orori”, eta haien konplizitatea eskatu du, herriak etorkizunean “ekarriko dizkigun era guztietako erronkei aurre egiteko eta horiek gainditzeko”. Zentzu horretan, esan du “nire bulegoko ateak beti zabalik egongo dira, parez pare,  gertu senti gaitezen, eta une bakoitzean herritarren proposamenak jasotzeko prest.". 

Ibilbide profesional zabala

Jon Iraola Iriondo Zuzenbide Ekonomikoko lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Enpresen Aholkularitza Juridikoko Masterra eta Merkataritza Zuzenbideko Ikerkuntza Gaitasunaren Diploma ditu unibertsitate berean lortuak.

2000. urtean hasi zuen ibilbide profesionala abokatu lanetan, eta 2002an Eroski Taldeko sail juridikoko legelari gisa hasi zen beharrean.

2016. urtean, Eneko Andueza zinegotziak dimisioa eman ondoren, Ingurumeneko zinegotzi gisa sartu zen haren ordez, eta urte batzuk geroago, Obra eta Hirigintzako zinegotzigoen ardura ere hartu zuen. Azken urteotan, PSE-EEren bozeramaile ere izan da Eibarko Udalean.

Eibarko etapa demokratikoko seigarren alkatea da Iraola. Orain arte, Mikel Larrañaga eta Jesús María Agirre nazionalistak eta Aurora Bascaran, Iñaki Arriola eta Miguel de los Toyos sozialistak izan dira alkate.

>>>2021eko martxoaren 13an egindako ezohiko Udal Osoko bilkura