Joan den ostiralean egin zen Debegesan BPTD enpresa-elkartearen batzarra

Batzarra Debabarreneko industria-enpresek osatzen dute. Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziako instalazioetan izan zen bilkura.
Ostiralean, maiatzak 30, Basque Precision Technology Distric enpresa-taldearen urteko batzarra egin zen Debegesako instalazioetan; 60 pertsona bildu ziren, industria-enpresetako, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Udaleko eta Debegesako ordezkariak.
Jon Iraola Eibarko alkateak eta Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak eman zioten hasiera instituzionala ekitaldiari. Ondoren, Iñigo Perez-Arregui Eibarko EPC enpresakoa eta BPTD elkarteko presidenteak ongietorri ofiziala eman zuen. Batzarrean, Cristina Zumeta Idazkaritza Teknikoko arduradunak eta Sara Abad elkarteko diruzainak urtearen itxiera egin zuten, eta 2025eko proiektu berriei buruz hitz egin zuten.
Bigarren blokean, Xabier Alzaga Danobateko zuzendari nagusiak, Ana Villate HEGAN-Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkarteko zuzendariak eta BPTD Elkarteko presidenteak gure inguruan martxan dauden proiektuei buruz hausnartu eta eztabaidatu zuten eta gai hauek jorratu zituzten: proiektu horiek negozio-aukera gisa duten potentziala, eta eskualdeko enpresa-sareak joka dezakeen zeregina, gure lurraldean benetako eragina izango duen garapen ekonomiko kolaboratiboa bultzatzeko.
Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen Departamentuko Berrikuntza zuzendariak eman zion amaiera ekitaldiari. Azkenik, Flybble, Azitaingo industrialdeko enpresen haztegian dagoen startupetako batek, drone-futbolaren erakustaldi bat egin zuen, teknologia, kirola eta ekintzailetza batuz.
Jarduera ekonomikoa eta aliantzak sustatzea
BPTD Elkarteak jarduera ekonomikoa sortzea lehenetsi du, hurrengo urteetarako garapen-zutabe gisa, bai enpresa-jarduera berriak laguntzeari dagokionez, bai lehendik daudenei eusteari dagokionez; eta hori guztia gure enpresa-sarea mantentzearen garrantziarekin lotuta. Horretarako, elkartea jakitun da lankidetzan jardun beharra daukala enpresa eta erakunde publikoekin. Hori dela eta, BPTD elkarteak harremanak ditu antzeko elkarteekin sinergiak identifikatu eta indarra hartzeko helburuz.
Eibarko Udalak garapen ekonomikoarekin eta eskualdeko industria-sarea indartzearekin duen konpromisoari eusten dio, eta lanean jarraituko du elkartearekin, gure enpresetan inpaktua eta balioa sortzen duten proiektuak bultzatzen jarraitzeko.
Elkartearen helburuak dira enpresa bazkideen bolumena handitzea, enpresen arteko lankidetza sustatzea eta jarduera ekonomikoa sortzea, elkarlanean arituz gure eskualdearen etorkizun lehiakorrago eta iraunkorrago baten alde.
Gaur egun, aipatu den bezala, helburuetako bat da enpresa bazkideen kopurua handitzea, eragin handiagoko proiektuei ekin ahal izateko. Hori dela eta, interesa duten enpresak harremanetan jar daitezke web-orriaren edo info@bptd.eus helbide elektronikoaren bidez.