Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jarri dira dagoeneko maskarak doan banatzeko vending makinak herriko hainbat tokitan

Maskarak doan banatzeko vending makina.

Maskarak doan banatzeko vending makina.

2020/05/15

Joan den astean esandako bost lekuez gain, hau da, Azitain eta Kantoiko zerbitzuguneak, Fermin Calbeton kaleko vending gunea, Orbeako kiroldegia eta Berdintasunaren pasealekua, aste honetan bertan seigarren toki bat gehitu da, Ipuruan Eibarko Kirol Taldeak duen denda. Makina datozen egunetan jarriko da. Behin makinak jarrita, eta jende-pilaketak saihesteko, gaur arratsaldean hasiko da maskaren txartel-banaketa, txartelak buzoietan sartuta. Bihar, zapatua, eta astelehenean ere, buzoietan sartuko dira.

Azitain eta Kantoiko zerbitzuguneek, Fermin Calbeton kaleko vending guneak eta Orbea kiroldegiak badituzte dagoeneko maskarak banatzeko vending makinak. Berdintasunaren Pasealekuari dagokion makina gaur arratsaldean jarriko da bertako vending puntuan.

Joan den astean prentsaurrekoan adierazitako toki horiez gain, seigarren bat ere egongo da; izan ere, Eibar KTrekin lortutako akordio bati esker, makina bat jarriko dute Taldeak Ipurua inguruan zabaldu duen dendan.

Hala, seigarren makina jartzeko zain, gaur arratsaldean bertan hasiko dira eibartarrak bere etxeetako buzoietan maskarak eskuratzeko txartelak jasotzen. Bihar ere banatuko dira eta  txartel-banaketa astelehenean amaituko da, hilak 18.

Udalak txartelen banaketa mailakatua egin nahi izan du, ahal den neurrian, jende-pilaketak saihesteko.

Etxe bakoitzak txartel bat jasoko du eta txartel horri esker astean lau maskarako paketea eskuratzeko aukera izango du. Gutun-azalean, gainera, ekimenaren berri ematen duen gutun bat sartu da, eta, ildo horretan, adierazi behar da bertan zehazten diren makinen kokapenak hasierako aurreikuspenak direla, baina gerora aldaketak izan dituzte, ohar honetan adierazten den bezala.

Vending gune bakoitzean gel hidroalkoholikoa egongo da, erabiltzaileak, maskarak atera aurretik eta ondoren, eskuak desinfektatu ahal ditzan, eta, hala, kutsatzea saihestu.

Bestalde, Urkotronik Eibarko enpresak 619883000 telefono-zenbakia jarri du bezeroari arreta emateko. Telefono hori makina guztietan egongo da jarrita, eta zenbaki horretara deitu ahal izango da maskarak eskuratzeko arazorik izanez gero.

Guztiarekin ere, eta arazorik ez izateko, Eibarko Udalak dei egiten die herritarrei txartelen eta makinen erabilera arduratsua egiteko, eta txartelak jasotzera joaten direnean modu ordenatuan egiteko, osasuna arriskuan jar dezaketen pilaketak saihestuz.