Eibarko Udala
Jardiñeta Eibar igogailuak

Jardiñeta auzoko irisgarritasuna hobetuko duten bi igogailuak eraikitzeko proiektuaren idazketa adjudikatuta

2018/11/09
Injelan etxeak 38.689 eurotan (BEZa barne) idatziko du Jardiñeta 29, 31, 33 eta 35 zenbakietako igogailu publikoen proiektua eta 13 asteko epe bat izango du .

Eibarko Udalak 2019. hasierarako izango du eskura Jardiñetako behealdea auzoko goialdearekin lotuko duten bi igogailuak eraikitzeko proiektua; hartara, oraingo aurreikuspenen arabera, hurrengo urteko lehen hiruhilekorako, obraren exekuzioa lizitaziora irteteko prest egongo da, hala, aurrera eginez gune horretako irisgarritasuna hobetzeko udal planetan.

Joan den astean bildutako kontratazio-mahaiak erabaki zuen Injelan ingeniaritza-enpresari enkargatzea Jardiñeta 29, 31, 33 eta 35etarako igogailu publikoen proiektua idaztea, 38.689 (BEZa baren) eurotan eta 13 asteko epe batean, lizitazio-prozesura aurkeztu ziren bost enpresen proposamenak aztertu eta baloratu ondoren.

Injelanek proposatutako soluzioak bi igogailu jasotzen ditu, behekoa Jardiñeta kaleko 15 eta 19 zenbakien ostean, eta goikoa 35 zenbakiaren ostean. Lubaki erako bi bidek (gutxienez bi metro zabalekoak) lotuko dituzte igogailuak elkarren artean eta Jardiñetarekin. Igogailuak lursailean sartuta doaz; horren inpaktua txikiagoa izango da, sestratik gora ateratzen diren elementu bakarrak igogailuen azken zatiak direlako.

Proiektu honen idazketaren adjudikazioa beste aurrerapauso bat da udal gobernuak auzo horretako biztanleekin duten konpromisoan; izan ere, bi aldeek hainbat bilera egin dituzte guneko irisgarritasunari soluzioak emateko. Proiektu hau, beraz, Eibarko erdigunea Aldatze-Jardiñetarekin lotzeko exekuzio-fasean dagoen igogailua egiteko proiektuari gehitu behar zaio.

Gainera, Udalak laugarren igogailu bat eraikitzeko asmoa dauka. Laugarren igogailu hori saihesbidearen irteera ondoko aparkaleku ingururaino iritsiko litzateke, non babes ofizialeko pisuen promozio bat eraikitzea planteatzen ari den.

Era honetan, indarreko agintaldirako Jardiñeta auzoaren irisgarritasun arloan Gobernu taldeak bete ditu planteatutako konpromisoak.