Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Emakumezkoen Eibarko Hiria IV. Sari Nagusia jokatuko da datorren igandean, hilak 8, Eibarren

IV. Eibarko Hiria Sari Nagusiaren aurkezpena.

IV. Eibarko Hiria Sari Nagusiaren aurkezpena.

2022/05/04

Eibarko Txirrindularitza Elkarteak antolatutako 'Emakumezkoen Eibarko Hiria IV. Sari Nagusia' txirrindularitza lasterketaren aurkezpena egin da gaur goizean Eibarko Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan.

Aurkezpen ekitaldian izan dira Jon Iraola alkatea, Patricia Arrizabalaga Berdintasun zinegotzia, Angel Lopez Eibarko Txirrindularitza Taldeko presidentea, Beñat Urain txirrindulari ohia eta probaren antolatzailea, eta Juanjo Urain Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidentea.

Maiatzaren 8an, 10:00etan, egingo den probak 112,3 kilometroko ibilbidea izango du, eta hiru mendate izango ditu: Itziarko gaina (3. maila); Meagaseko gaina (3. maila); eta San Migueleko gaina (3. maila).

Aurreratu dutenez, 19 taldek hartuko dute parte guztira, eta horietako bakoitzak 6 korrikalari izango ditu.

Ibilbidea, zehazki, honako hau izango da: Eibar-Azitain-Maltzaga-Elgoibar-Mendaro-Deba-Itziar-Arrona-Zumaia-Oikina-Muniosoro-Meagas-Zarautz-Getaria-Zumaia-Arrona-Itziar-Deba-Mutriku-Ondarroa-Markina-Etxebaria-San Miguel-Elgoibar-Maltzaga-Eibar.

Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan, "Eibarren, harrotasunez esan dezakegu kirol proba garrantzitsuak ditugula, dagoeneko herriko historiaren parte direnak eta urteroko egutegian finkatuta daudenak. Horren erakusgarri da Valenciaga Oroimenezkoa, duela aste batzuk bere 51. edizioa bete zuena. Baina lorpen handia da ere lehen lekurik ez zuten beste lasterketa batzuk ezinbesteko bihurtu izana; horixe da Emakumezkoen Eibar Hiria Sari Nagusiaren kasua, aurten 4. aldiz antolatuko dena eta denbora laburrean Eibarko txirrindulari probetan bere lekua lortu duena".

"Udalean lanean jarraituko dugu kirolaren benetako berdintasunerako bidean oztopo izan daitekeen oro ezabatzeko, berdintasuna baita denon artean iritsi behar dugun helmuga", gaineratu du Iraolak.

Proba zuzenean jarraitu ahal izango da, streaming bidez, Eibarko Txirrindularitza Elkartearen webgunean.

Ikusi 'Emakumezkoen Eibarko Hiria IV. Sari Nagusia'-ren aurkezpenaren bideoa probaren inguruko xehetasun guztiak ezagutzeko.