Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Isasitik behera doan eskumako espaloia berritu egingo dute, zabalera handiagoa emateko eta oinezkoen mugikortasuna hobetzeko

Isasitik behera doan eskumako espaloia berritu egingo dute, zabalera handiagoa emateko eta oinezkoen mugikortasuna hobetzeko

Isasi kalea.

2016/08/19

Udalak lehiaketara atera du lana, 1 eta 39. zenbakien artean, 179.951,36 euroan (BEZa barne) eta hamalau astean egiteko. Lan horiekin, espaloi berriak, gutxienez, bi metroko zabalera izango du ibilbide osoan. Galtzadak, berriz, 3,50 metroko gutxieneko zabalera izango du. Gainera, 25 aparkaleku berri sortuko dira.

Isasi kaletik behera doan eskumako espaloia bere osotasunean berrituko dute, zabalera handiagoa emateko (bi metroetaraino) eta oinezkoen mugikortasuna errazteko, bizilagunek sarritan erabiltzen duten toki horretan. Bertan, ibilgailu-mugimendu handiak egoten dira espaloitik gertu.

Eibarko Udalak lehiaketara atera du obra hori 179.951,36 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne) eta hamalau astean egiteko. Lehiaketako deialdia Gipuzkoako Aldizkarian argitaratu ostean, kontratua lortu nahi duten enpresek  eskaintzak aurkezteko epea irailaren 7ra arte dute zabalik.

Lanok Isasi kaleko 1 eta 39. zenbakien artean gauzatuko dituzte, hau da, Txoko tabernaren bidegurutzearen eta Isasiko goialdean kokatuta dagoen autobus geltokiaren artean, Armeria Eskolaren parean. Toki horren problematika nagusia espaloiaren zabalera urria da. Egoera horrek oinezkoen mugikortasuna zaildu egiten du, baina proiektuaren bidez, oinezkoen fluxua hobetuko da, baita mugikortasuna ere.

Gaur egun, espaloi horrek zabalera aldakorra dauka; Untzaga plazatik gertuen dagoen tokiko 1.30 metroetatik, Astelena frontoitik Isasi kaleko goialdera doan inguruko 1.75 metroetaraino. Edonola ere, oinezkoen mugikortasunerako zabalera eskasegia duen espaloia da. Egungo zoladura aurrefabrikatutako kolore txigortua duen hormigoizko baldosa da eta mugatu egiten duen zintarria aurrefabrikatutako hormigoia da.

Aurreikusitako lanaren bitartez, espaloi tartea zabaldu egingo da bi metroetaraino; galtzadak, berriz, 3,50 metroko gutxieneko zabalera izango du. Zintarri berria ipiniko dute, baita hormigoizko zolarria jarri ere. Aldez aurretik, desbideratzeak eta euri-uren bilketaren estolda-sareak baliogabetu egingo dituzte.

Obrek dirauten bitartean afekzioak izango dira. Oinezkoen mugikortasunerako ibilbide alternatiboa ipiniko dute. Horretarako, tokia hesitu eta seinaleztatu egingo dute.  Gainera, neurri aproposak hartuko dira atalondo eta dendetara sarbidea errazteko. Trafikoarentzat, berriz, abisu-seinaleak jarriko dituzte.

Proiektua idaztean, irisgarritasunaren eta desgaitasuna duten pertsonen diskriminazio ezaren oinarrizko baldintzak kontuan izan dira, baita urbanizatutako toki publikoen eta eraikinen erabilpena ere.

Modu horretan, bi pasabide goratu sortuko dira eta 25 aparkaleku berri egingo dituzte Abontzabideko 21 eta 39. zenbakien artean, gune horretan bigarren ilara ezabatuz.