Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Isasiko espaloia berritzeko lanak hasiko dira aste honetan

2016/10/31

Lanok 3 eta 39. zenbakien artean egingo dira, kalearen beheranzko noranzkoan, zabalera handiagoa emateko eta, modu horretan, oinezkoen mugikortasuna errazteko. Gainera, 25 aparkaleku berri sortuko dituzte. Udalak Excavaciones y Transportes Orsa, S.L. enpresari esleitu dizkio lanak 152.778,70 eurotan (BEZa barne), zortzi astean egiteko.

Isasi kaletik behera doan eskumako espaloia bere osotasunean berrituko dute aste honetan zabalera handiagoa emateko (bi metroetaraino) eta oinezkoen mugikortasuna errazteko, bizilagunek sarritan erabiltzen duten toki horretan. Bertan, ibilgailu-mugimendu handiak egoten dira espaloitik gertu.

Lanok Isasi kaleko 1 eta 39. zenbakien artean gauzatuko dituzte, hau da, Txoko tabernaren bidegurutzearen eta Isasiko goialdean kokatuta dagoen autobus geltokiaren artean, Armeria Eskolaren parean. Toki horren problematika nagusia espaloiaren zabalera urria da. Egoera horrek oinezkoen mugikortasuna zaildu egiten du, baina proiektuaren bidez, oinezkoen fluxua hobetuko da, baita mugikortasuna ere.

Gaur egun, espaloi horrek zabalera aldakorra dauka; Untzaga plazatik gertuen dagoen tokiko 1.30 metroetatik, Astelena frontoitik Isasi kaleko goialdera doan inguruko 1.75 metroetaraino. Edonola ere, oinezkoen mugikortasunerako zabalera eskasegia duen espaloia da.

Aurreikusitako lanaren bitartez, espaloi tartea zabaldu egingo da bi metroetaraino; galtzadak, berriz, 3,50 metroko gutxieneko zabalera izango du. Zintarri berria ipiniko dute, baita hormigoizko zolarria ere.

Eibarko Udalak hilabete honetan esleitu dizkio lanak 152.778,70 eurotan (BEZa barne) Excavaciones y Transportes Orsa, S.L. enpresari eta zortzi astean egin beharko ditu.

Obrek dirauten bitartean afekzioak izango dira. Oinezkoen mugikortasunerako ibilbide alternatiboa ipiniko dute. Horretarako, tokia hesitu eta seinaleztatu egingo dute.  Gainera, neurri aproposak hartuko dira atalondo eta dendetara sarbidea errazteko. Trafikoarentzat, berriz, abisu-seinaleak jarriko dituzte.

Proiektua idaztean, irisgarritasunaren eta desgaitasuna duten pertsonen diskriminazio ezaren oinarrizko baldintzak kontuan izan dira, baita urbanizatutako toki publikoen eta eraikinen erabilpena ere.

Modu horretan, bi pasabide goratu sortuko dira eta 25 aparkaleku berri egingo dituzte Isasiko 21 eta 39. zenbakien artean, gune horretan bigarren ilara ezabatuz.