Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Irisgarritasuna hobetzeko eta koexistentzia guneak sortzeko obra-proiektuak idazteko eta gauzatzeko lanak esleitu dira

Julian Etxeberria kalea.

Julian Etxeberria kalea.

2021/03/12

Aste honetan bertan esleitu dira Mekolan eta Arratebiden bi igogailu publiko egiteko proiektuaren idazketa, baita Julian Etxeberria berrurbanizatzeko eta ingurua hobetzeko lanei buruzkoa ere, eta Muzategi kalearen exekuzio obra.

Jon Iraola Obra, Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak Eibarko Udalak hainbat obra proiektu esleitzeko egin dituen lizitazio prozesuei buruzko prentsaurrekoa eman du gaur goizean. Zehazki, Mekola eta Arratebideko irisgarritasuna hobetzeko igogailu publikoen proiektua, Julian Etxeberria kalea berrurbanizatzeko eta haren ingurua hobetzeko proiektua eta Muzategi kalea egiteko obra aipatu ditu.

Mekolan eta Arrate Biden igogailu publikoen proiektua idazteko esleipena

Joan den asteazkenean, martxoak 10, egindako Kontratazio Mahaiak ondorioztatu zuen, lehenik eta behin, I-Ingeniaritza eta Arkitektura enpresa arduratuko dela Mekola eta Arrate Bideko irisgarritasuna hobetuko duten igogailu publikoak eraikitzeko proiektua idazteaz. Dokumentua 27.622,94 (BEZa barne) euroko zenbatekoagatik egingo da, 13 asteko epean.

Lehen proiektu honetan, Udalak eta inguruko herritarrek bere garaian gauzatutako parte-hartze prozesuaren barruan lortutako akordioak hartuko dira kontuan. Jarduera honekin, erdigunea Arratebiderekin lotuta geratuko da bi igogailu publikoren bidez; horrekin batera, proiektu osoago bat egingo da: batetik, Bildosolaneko txalet zaharraren lursailetan parke bat egingo da lorategi-espazio libre batekin, eta, bestetik, San Juan kalearen atzealdean dagoen gunea berrurbanizatu egingo da.

Behin proiektua idatzita dagoenean, eta 2022ko aurrekontuaren kargura, Udalak obren lizitazio-prozesua irekiko du, eta, ondoren, gauzatu egingo da ingurua eta haren irisgarritasuna hobetzeko eta berrurbanizatzeko jarduketa handi hori.

Julian Etxeberria berrurbanizatzea eta ingurunea hobetzea

Beste proiektu garrantzitsu bat Julian Etxeberria kalea berrurbanizatzea eta ingurua hobetzea ahalbidetuko duena izango da. Kasu honetan, Girder Ingenieros S.L. enpresari esleitu zaio proiektuaren idazketa, 34.969 euroko zenbatekoan (BEZa barne) eta 8 asteko egikaritze-epearekin.

Julian Etxeberria kalean obra handia egiteaz gain, proiektuak aurreikusten du kale horretako eta San Agustin zeharbideko ibilgailuen zirkulazioaren noranzkoa aldatzea eta Toribio Etxebarriako anbulatorioaren inguruko espazioa ahalik eta ondoen aprobetxatzeko azterlan bat egitea.

Muzategi kaleko exekuzio obra

Azkenik, aste honetan bertan, Construcciones Otegui Gaztañaga S.L. enpresari esleitu zaio Muzategi kaleko obra egiteko lana, 263.021,87 euroan (BEZa barne) eta 17 asteko epean.

Egitasmoak, batetik, Muzategi kaleko eraberritze integrala eta kalearen hobekuntza jasotzen du, eta, bestetik, kale hori eta Errebal Plaziak izango dituen hainbat terraza lotzen ditu; hala, Errebal kaleko konexioa hobetu egingo da. Gainera, ezabatu egingo da gaur egun espaloiaren eta bidearen artean dagoen koten arteko aldea, eta koexistentzia gune bat sortuko da.

Muzategi kaleko obra hauek Errebal Plazia funtzio anitzeko eraikin berriaren ingurua urbanizatzeko proiektu bateratuan sartzen dira.