Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ireki da 'On Ekin' enpresa-ideia eta -proiektuen lehiaketaren IX. ediziorako deialdia

'On Ekin' enpresa arloko ideia eta proiektuen lehiaketaren IX. edizioaren aurkezpena.

'On Ekin' enpresa arloko ideia eta proiektuen lehiaketaren IX. edizioaren aurkezpena.

2021/09/16

Ekimenaren helburua sormena sustatzea eta bultzatzea da, bai eta pertsonen eta enpresen ekimenak babestea ere, merkatuan funtzionatzeko aukera ematen duten negozio-kontzeptuak jasotzen dituzten proiektuak eta ideiak landuz. Proiektuak edo ideiak urriaren 8ra arte aurkeztu ahal izango dira (12:00ak baino lehen), eta interesatuek mezu bat bidali beharko dute honako posta elektronikora: onekin@ekingune.com.

On Ekin enpresa-ideia eta -proiektuen lehiaketak IX. edizioa ospatuko du aurten, aurreko edizioetako helburu berarekin: enpresen eta ekintzaileen ekimenak sustatzea eta gure ingurunearentzako enplegu eta aberastasun gehiago sortzea. Gainera, sormena sustatu eta bultzatu nahi da, eta pertsonen eta/edo enpresen ekimenak bultzatu, merkatuan funtzionatzeko zantzuak dituzten negozio-kontzeptuak jasotzen dituzten proiektuak eta/edo ideiak landuz.

Gaur, irailak 16, Eibarko udaletxean egin den edizio berriaren aurkezpenean, Jon Iraola alkateak, Leire Berasaluze Ekinguneko presidenteak, Vanesa Hortas Ekinguneko koordinatzaileak eta Mariella Saitz Axako aseguru-agenteak eparte hartu dute.

Lehiaketak bi fase ditu. Lehenengoan, eragile ekonomiko eta sozial desberdinetako ordezkariek osatutako epaimahaiak aurkeztutako proiektu/ideia bakoitzaren balorazioa egingo du. Proiektuak/ideiak aurkezteko azken eguna 2021eko urriaren 8a, ostirala, da. Hautagaitzak helbide elektroniko honetara bidali beharko dira: onekin@ekingune.com.

Bigarren fasean, urriaren 28an, 'On Ekin' ekitaldian, hiru proiektu irabazleen azken aukeraketa egingo da, epaimahai baten bidez. Gainera, "sari herritarra" izenekoa egongo da, parte hartzaile guztien bozketaren bidez aukeratuko dena. On Ekin ekitaldiko izen-emate bakoitzetik 5 euro bilduko dira sari horretarako.

Aurtengo lehen saria 1000 eurokoa izango da, bigarrena 500 eurokoa, eta hirugarrena eta azkena 300 eurokoa, Mariella Saitz Martinez Axa aseguru etxeko agente esklusiboaren kortesiagatik.

Afarira joateko aukera izango du bertan parte hartu nahi duen edonork, aurkeztutako proiektuekin lotuta egon edo ez. Interesatuek onekin@ekingune.com helbide elektronikoaren bidez baieztatu beharko dute beren asistentzia, eta 30 euro ordaindu beharko dituzte modalitate presentzialerako, eta 5 euro online moduan parte hartzeko, 2020ko urriaren 27a baino lehen, ES74 3008 0171 6143 4344 5328 kontu zenbakian.

Aurtengo edizioan, COVID-19ren pandemia dela eta, aurrez aurre parte hartu ahal izango da, edukiera bete arte (50 lagun gehienez), baita online ere. Beraz, izena emateko postan adierazi beharko da aurrez aurre edo modu birtualean parte hartu nahi den.

'Marketing Day' jardunaldiaren 4. edizioa

Bestalde, irailaren 29an 'Marketing Day' ekimenaren edizio berri bat egingo da, 10:00etan, Armeria Eskolan.

Ekingune Ekintzaileen Elkartea arduratzen da doako jardunaldi hau antolatzeaz, Eibarko eta inguruetako ekintzaileak eta profesionalak biltzeko helburuarekin, marketinaren eta komunikazioaren arloetan hainbat jarraibide, aholku eta joera ezagutu nahi dituztenak.


IV. edizio honetan, Celestino Martínez, Actualiza Retail aholkularitza-enpresako kideak hitzaldia emango du, "Zer nahi dute bezeroek tokiko merkataritzara itzultzeko?" izenburupean. Bertan, bezeroak kokapen fisikoa duten saltokietara erakartzea lortzeko hobekuntza gakoak jorratuko dira.

Hitzaldiaren ondoren, hainbat profesionalek osatutako mahai-inguru bat egingo da. Profesional horiek beren iritziak emango dituzte eta beren esperientziak zuzenean kontatuko dizkigute, bertaratutakoen eta mahai-inguruko kideen artean eztabaida irekia sortuz.

Jardunaldia streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, www.ekingune.com webgunearen bidez, eta doakoa izango da. Aldez aurretik izena eman beharko da. 

 

Informazio gehiago