Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ipuruako jubilatuen etxea eraberrituko du Udalak

Ipuruako Jubilatu Etxearen artxiboko irudia.

Ipuruako Jubilatu Etxearen artxiboko irudia.

2023/10/20

Lehen solairuaren banaketa berrantolatu, podologia-gela bat eta gune balioaniztun bat egin, eta estalkiaren inpermeabiliazaioa berriztuko da. Besteak beste, luminariak aldatu eta margolanak egingo dira; egikaritze-epea hamabi astekoa da.

Eibarko Udalak eraberritu egingo du Ipuruako Jubilatu Etxea. Estalkia inpermeabilizatu eta lehen solairuaren banaketa aldatu egingo da, podologia-gela bat eta gune balioaniztun bat eratuz. Horrez gain, pintura-lanak egingo dira eta luminariak aldatu.

Ipuruako jubilatu-etxeko eraikinak bi solairu ditu garajeen gainean kokatuak, eta sarbidea San Pio plazatik du.  Gaur egun, beheko solairuan sarrerako atondo bat dago, kafetegia sukaldearekin, biltegia, komunak eta bulegoa. Lehen solairuak —sarbidea eskaileren eta jasogailu baten bidez egiten da— atondo bat du, areto bat eguneko zentrorako eta officerako egokitua, fisioterapia-gela, ileapaindegia eta komunak.

Eraberritze-lanak lehen solairuan egingo dira. Fisioterapia-gela aldatu egingo da gune balioaniztun bat bihurtzeko. Atondoan —gaur egun erabilerarik gabe—, itxitura bat egingo da pladurrarekin, podologia-gela eratzeko. Besteak beste, alikatatua eraitsi, instalazio elektrikoa berriztu, ate berriak, zokaloak, barandak eta eskudelak jarri, eta hormak margotuko dira.

Gainera, eraberritu egingo da eraikinaren teilatu lauaren inpermeabilizazioa, hezetasun-arazoak ditu-eta.

Obraren egikaritze materialaren aurrekontua 60.910,10 eurokoa da eta kontrata bidezko egikaritzearena 87.704,45 eurokoa. Hamabi astekoa da obra guztia egiteko epea, kontuan hartuta bi talde egon behar direla lanak paraleloan egiteko.

Aurreko legealdian, Udalak 350.000 euro baino gehiago inbertitu zituen hiriko jubilatu-etxeetako espazioak eta instalazioak hobetzeko. Eta beste lan batzuk ere egingo dira, hala nola Torrekuako eraikinean egingo den jubilatu-etxe berria.