Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ipuruako igerileku estaliak deshumidifikazio sistema berri bat izango du

Ipuruako igerileku estalia.

Ipuruako igerileku estalia.

2021/01/04

Instalazioak aspalditxotik zituen arazoek eta COVID-19aren ondorioz hezetasun-maila jakin bati eutsi beharrak eragin dute inbertsioa.

Eibarko Udalak deshumidifikazio sistema berri bat jarriko du laster Ipuruako kiroldegiko igerileku estalietan, eta, horretarako, lizitaziora atera du jarduera 114.844,77 euroko aurrekontu batekin eta obrak egiteko zazpi asteko epearekin.

Ipuruako kiroldegiko igerileku estaliek aspalditik dituzte arazoak hezetasun-maila egokia mantentzeko. Horrek berez ez dakar inolako eragozpenik normaltasun-egoera batean, baina COVID-19aren pandemiaren eraginez eta igerileku estalietako erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, hezetasun-mailak Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren Sailak horrelako instalazioetarako eskatzen dituen parametroen barruan egon behar dira.

Gaur egun, hezetasun-maila horiek behin-behineko sistemen bidez bermatu izan  dira, baina Udalak erabaki du, sistema horien ordez, sistema iraunkor bat ezartzea ahalik eta lasterren arazoa behin betiko konpontzeko.         

Aurrekoa betetzeko, igerilekuen esparruan kanpotik barrualdera airea igortzen duen mekanismoa martxan jarri ondoren, hozteko instalazio berri batek airearen hezetasuna kentzea ahalbidetuko du.

Sistema hori ezartzeko, aldatu egin beharko dira airea tratatzeko instalazioak, hozteko instalazioak, instalazio hidraulikoak eta erregulazio- eta kontrol-instalazioak.

Interesa duten enpresek 2021eko urtarrilaren 18ra arteko epea izango dute beren eskaintzak aurkezteko.

>>> Kontratazio Publikoa Euskadin Plataforma: Hezetasuna kentzeko instalazioa Ipuruako Kiroldegiko udaligerilekuetan