Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Iparragirre kaleko lanak eta Saratsuegi inguruko sarbideak hobetzeko obrak 2019aren hasieran jarriko dira martxan

Iparragirre kaleko lanak eta Saratsuegi inguruko sarbideak hobetzeko obrak 2019aren hasieran jarriko dira martxan

Iparragirre kalea.

2018/09/25

Aurreikuspena zen, joan den ekainean lanak adjudikatuta, obra urrirako amaitzea, baina Bidegik Saratsuegiko biaduktuan egin beharreko obra batek Udalak aurreikusitako lanak baldintzatu eta sei hilabeteko atzerapena sortuko du. Bidegik biaduktua zaharberritzeko lanak atzo, irailak 24, hasi ziren eta Udalek Obra sailari jakinarazi diotenez, 13 astez luzatuko dira.

Iparragirre kaleko hobekuntza-lanak eta Saratsuegiko ingurukoak datorren urte hasieran jarriko dira martxan; izan ere, Bidegik, aurretik, Saratsuegiko biaduktua konpondu behar du.

Eibarko Udalak joan den ekainean adjudikatu zizkion lanak MORGA enpresari, 151.719 eurotan (BEZa barne) eta hamar asteko epe baterako. Hala ere, Azpiegituren Euskal Agentziak Udaleko Obra sailari jakinarazi dio edozein obra hasi aurretik biaduktuaren hobekuntzari ekin behar ziotela eta horrek sei hilabeteko atzerapena eragin die Udalak kontratatutako lanei.

Bidegik programatutako lanak atzo, hilak 24, hasi ziren eta obrak egiteko epea 13 astekoa izango da; beraz, horiek amaitzean hasiko da Iparragirre kalea hobetzeko obra eta Iparragirre eta Saratsuegi kaleen arteko oinezkoentzako konexioarena; halaber, autopistaren azpian, bitarteko gune bat egingo da, parking gisa.

Obran, joan den maiatzean jakinarazi zen bezala, lurzorua konponduko da eta seinaleak jarriko dira eta inguru guztiaren drainatze-sareak eta argiak partzialki berriztuko dira. Gainera, espaloi-zati berri bat eraikiko da Iparragirre kaleko 7 eta 9 zenbakien artean, oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko.

Bestalde, Iparragirre eta Saratsuegi kaleen arteko oinezkoen konexioa hobetu egingo da. 2,50 metro zabalekoa izango da, eta hasieran eta amaieran oinezkoen pasabide goratuak izango ditu, gutxi gorabehera oraingoak dauden leku berean eraikiko direnak.

Halaber, biaduktuaren azpian dagoen guneko aparkalekua indartu egingo da: hogei plaza egongo dira, 14 baterian, sei lerroan eta bat mugikortasun murriztua duten pertsonentzat.