Iparragirre kaleko hobekuntza-lanak eta Saratsuegiko sarbidearen obrak adjudikatuta
Iparragirre kalea eta Saratsuegi inguruko sarbidea hobetzeko obrak hurrengo asteetan jarriko dira martxan eta datorren uztail edo abuztu amaierarako egongo dira amaituta. Eibarko Udalak 151.719 eurotan (BEZa barne) Morga enpresari adjudikatu dizkio lanak, hamar asteko epea jarrita.
Proiektuan aurreikusten da Iparragirre kalea hobetzea, Saratsuegi eta Iparragirre kaleen arteko oinezkoen pasabideak berriztea, eta autopista azpiko espazioa finkatzea aparkaleku gisa. Halaber, zoladura-lanak egingo dira, seinalizazio berriak jarri eta inguru guztiko drainatze-sareak eta argiak partzialki berriztuko dira.
Iparragirre kaleko 5 eta 9 zenbakietako ibiak kendu egingo dira eta espaloiak goratu; horren ondorioz, eraikinen barruan arrapalak egin beharko dira eta ateak ordeztu. Gainera, Iparragirre 7 eta 9 zenbakien artean, espaloi-tarte berri bat eraikiko da oinezkoen irisgarritasuna hobetze aldera.
Bestalde, Iparragirre eta Saratsuegiren arteko oinezkoen lotura hobetu egingo da. Oinezkoentzako pasabide goratuak gutxi gorabehera oraingoen leku berean egongo dira, eta 2,50 metro zabalekoak izango dira.
Era berean, autopista azpiko gunean finkatu egingo da aparkalekua: hogei plaza egongo dira, 14 baterian, sei lerroan, eta bat mugikortasun mugatua duen pertsonentzat. Gainera, gunea hesi metalikoarekin ixtea aurreikusi da, jendeak Saratsuegiko errekaren ezker aldean zaborrik ez botatzeko.
Bestelako lan batzuk ere egingo dira: autopista azpiko argiak berriztu eta ezarri, autopista ondoko drainatze-sarea berritu, seinalizazio horizontal eta bertikala jarri, eta lorategiko lanak egin, obra ingurunean hobeto integratzeko.