Eibarko Udala
kirolak

Interes handia dago Ipuruako erdiko pistaren kirol-zoladura berritzeko lizitazioan

2026/06/04
Ipuruako kiroldegia.
Ipuruako kiroldegia.

Jarduketa 224.995,17 eurotan baloratuta dago eta aukera emango du bizitza erabilgarriaren amaierara iritsi den lurzorua berritzeko. Zazpi enpresa lehiatuko dira Eibar Eskubaloiak, Ipurua Gimnasia Erritmikoko Klubak eta Eibar Saskibaloiak egunero erabiltzen duten instalazioaren zoladura berritzeko lizitazioan.

Ipuruako kiroldegiko erdiko pistaren kirol-zoladura berritzeko lizitazioak ikusmin handia piztu du sektoreko enpresa espezializatuen artean. Guztira, zazpi enpresak aurkeztu dituzte eskaintzak, 224.995,17 euroko oinarrizko aurrekontua duen jarduketa bat gauzatzeko. Instalazioaren klub erabiltzaileak aspalditik ari ziren berritze-obra hau eskatzen, eta diru-kopuru horrek agerian uzten du zer-nolako garrantzia duen egingo den lanak.

Ipuruako pista nagusia herrian gehien erabiltzen den  kirolguneetako bat da. Bertan egiten dituzte entrenamendu eta lehiaketa gehienak Eibar Eskubaloiak, Ipurua Gimnasia Erritmikoko Klubak eta Eibar Saskibaloiak; eta, horrez gain, urtean zehar beste kirol jarduera eta ekitaldi batzuk ere antolatzen dira.

Dagoen zoladura aspaldikoa da eta, etengabe eta intentsiboki erabili ondoren, bizitza erabilgarriaren amaierara iritsi da. Hain zuen, hura berritzeko beharra izan zen kirol-klubek udalarekin aldian-aldian izaten dituzten bileretan planteatu zuten gaietako bat.

Horren osagarri, parket berria jarri aurretik, garbitu egingo dira erdiko pistaren sabaiko habeak. Jarduketa horren aurrekontua 17.424 eurokoa da, eta 10-12 egunetan egingo da.

Aurreikusita dago obrak udan egitea, entrenamenduak eta lehiaketak bukatu eta instalazioa aldi baterako ixten denean, klubei eta erabiltzaileei ahalik eta kalte gutxien eragiteko.

Jon Iraola Eibarko alkateak kontratazio-prozesuan izandako parte-hartze handia nabarmendu du, eta inbertsio honek herriko kirolarentzat duen garrantzia. “Zazpi eskaintza aurkezteak erakusten du proiektu honek interes handia piztu duela enpresa espezializatuen artean. Jarduketa garrantzitsu bati buruz ari gara hitz egiten, aukera emango duena herriko kirol-instalazio erabilienetako bat modernizatzeko eta klubek hainbatetan helarazi diguten eskaerari erantzuteko”.

Iraolak adierazi duenez, udalak kirol azpiegiturak hobetzen jarraitzeko konpromisoari eusten dio. “Gure helburua da kirol erakundeek eta herritarrek espazio seguruak, modernoak eta egokiak izatea kirola egiteko. Zoladura horrek urte askoan eman du zerbitzua, baina bazen ordua hura aldatzeko, ahalik eta baldintzarik onenak bermatze aldera”.

Bestalde, Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak azpimarratu du obra honek kirol-jardueraren segurtasuna eta kalitatea hobetzea ahalbidetuko duela. “Ipuruako pista nagusiak etengabeko jarduera du urte osoan zehar. Hainbat klubek, hala nola Eibar Eskubaloiak, Ipurua Gimnasia Erritmikoko Klubak eta Eibar Saskibaloiak instalazio hauek erabiltzen dituzte eta aspalditik ari ziren planteatzen dagoeneko bizitza-zikloa beteta zuen zoladura berritzeko premia”.

Ameztoyk azaldu duenez, kirol-zoru berriak prestazio tekniko hobeak eta kirolarientzako erosotasun handiagoa eskainiko ditu. “Berritze-lan honek lagundu egingo du entrenamendu- eta lehiaketa-baldintzak hobetzen, eta erabiltzaileen segurtasuna areagotu. Beharrezkoa den inbertsioa da kalitatezko kirol-instalazioak mantentzen jarraitzeko eta egungo beharretara egokitzeko”.

Behin eskaintzak baloratzeko prozesua amaituta eta dagokion adjudikazioa eginda, udalak obren exekuzioa planifikatuko du, kluben eta kiroldegiko erabiltzaileen ohiko jarduerari ahalik eta gutxien eragiteko.