Eibarko Udala
kirol-instalazioak

Inbertsio berriak egingo dira Eibarko kirol-instalazioak hobetzeko

2025/02/28
Artxiboko argazkia. Ipuruako kiroldegia.
Artxiboko argazkia. Ipuruako kiroldegia.

300.000 eurotik gora Ipurua, Astelena, Unbe eta Orbea modernizatzeko. Gainera, Udalak beste inbertsio garrantzitsu bat egingo du mantentze-lanetarako, Zerbitzu Sailaren bidez, eta ikuskapenak eta prebentzioa egiten ditu kontserbatzeko.

Eibarko Udalak kirolaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, 300.000 eurotik gorako inbertsioa eginda, udal kirol-instalazioak hobetze aldera. Inbertsio hauek Ipuruan, Unben, Astelenan eta Orbean egingo dira, azpiegiturak hobetzeko eta ekipamendu berriez hornitzeko xedez.  Ekimena plan estrategiko baten barruan kokatzen da, helburu duena kirol-praktika sustatzea eta eibartarren bizi-kalitatea hobetzea.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez,  ekimen honek garrantzi handia du kalitatezko instalazioak bermatzeko orduan. “Kirolarekiko eta jarduera fisikoarekiko gure konpromisoa irmoa da. “Gure instalazioak herritarren beharretara egokitzea nahi dugu, eta baita kirola egiteko kalitatezko espazioak eskaintzea ere”, adierazi du Iraolak.

Ipurua kirol-gunean egingo dira lanik nagusienak, instalazioak, ekipamendua eta kirol-materiala hobetuko baitira. Aurreikusitako jardueren artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, rokodromo berria, gimnasia erritmikorako tapiz berria eta  kardioa lantzeko makina berriak. Horrez gain, aurreikusita dago entrenatzeko guneetan ere hobekuntza-lanak egitea eta espazio berriak egokitzea kirolariei erosotasun handiagoa eskaintzeko.

Andoni Ameztoy Kirol-zinegotziak azpimarratu duenez, hobekuntza hauek Eibarko kirol-komunitatean  inpaktu positiboa izango dute.  “Inbertsio hauek gure kirolari eta erabiltzaileei baldintza hobeak eskaintzea ahalbidetuko dute. Ekipamenduen inbertsioaren eta modernizazioaren aldeko apustua egiten dugu, Eibarrek jarrai dezan erreferente izaten kirol-instalazioetan”, baieztatu du Ameztoyk. Era berean, adierazi du epe ertainean egiteko jarduketa berriak aztertzen ari direla, herriko kirol-azpiegiturak hobetze aldera.

Unben ere hobekuntza nabarmenak egingo dira, esaterako, altzarietan eta makinetan, eta, baita hainbat kirol-disziplinatarako ekipamendu espezializatuan ere. Astelehena frontoian altzariak berriztuko dira, eta  litekeena da  LED erako argiak hartzea; horrela, gunearen energia eraginkortasuna hobetzeaz gain, kirol-topaketetan hobeto ikustea bermatuko da.  Bestalde, Orbeak, zerbitzuak hobetzeko, fitnesserako material berria izango du.

Inbertsio hauez gain, Udalak kopuru garrantzitsu bat erabiliko du Zerbitzuen Sailean instalazioen mantentze-lanetarako, funtzionamendu egokia eta epe luzera begirako kontserbazioa bermatzeko.  Aldizkako ikuskaritzak eta prebentzioari begirako mantentze-lanak egingo dira, materiala eta instalazioak ez hondatzea saihesteko, eta ziurtatzeko instalazioak egoera onean daudela etengabe erabiltzeko.