Eibarko Udala
obrak

Iberdrolako kableak kentzeko zain dago Udala, Arragueta kaleko berrurbanizazio-obrei ekiteko

2025/12/29
Artxiboko irudia. Arragueta kalea.
Artxiboko irudia. Arragueta kalea.

Obrak adjudikatuta daude eta aurretiazko lanak amaitu bezain pronto hasiko dira. 1,25 milioi euroko egitasmo honek eraldatu egingo du Errebal eta Urkizuren arteko konexio-ardatza.

Dena dago prest, hirirako jarduketa estrategikoa den Arragueta kaleko berrurbanizazio-lanei ekiteko, 2025eko azken hiruhilekoan. Proiektua adjudikatuta dago, eta Iberdrolako kableak kendu bezain laster —egitasmoari hasiera emateko beharrezkoak dira lan hauek— hasiko dira obrak.

Lehenengo pausoa izango da Arragueta kaleko 16 zenbakia botatzea. Eraikin hori udalak eskuratu zuen berariaz helburu honetarako. Adjudikatutako lan hauek espazioa irabaztea ahalbidetuko dute, kalearen berrurbanizazio integrala egiteko eta Bidebarrieta kalearekiko konexio berri bat sortzeko.

Proiektuak 1.250.000 euro inguruko aurrekontua du, eta ingurunea erabat eraldatzea, espaloiak nabarmen handitzea, argiztapena eta irisgarritasuna hobetzea eta hiri-eremua berrantolatzea aurreikusten du, oinezkoei lehentasuna emanez.

Jon Iraola alkateak adierazi du obrak hasi aurreko azken fasean dagoela egitasmoa. “Arragueta kalekoa esku-hartze garrantzitsua da hiriarentzat. Egitasmoa adjudikatuta dago eta, lanean hasi aurretik, itxaroten ari gara Iberdrolako kableak kendu arte. Biztanleen bizi-kalitatea hobetzea eta auzoen arteko konexioa indartzea xede duen proiektu bat da”.

Arikitza eta Urkizu arteko zatian esku hartuko da, eta erabiliko den estetika urbanoa Errebal kalearena izango da. Espaloiek gutxienez bi metroko zabalera izango dute bi aldeetan, zorua berritu egingo da galtzada-harri erako asfalto inprimatuarekin, plataforma bakar bat ezarriko da (espaloia eta galtzada kota berean) oinezkoen mugikortasuna errazteko, bereziki adinekoena edo mugikortasun murriztua dutenena, eta argiztapena hobetu egingo da.

Pedro Escribano Obra zinegotziak nabarmendu du dena dagoela prest lanei ekiteko. “Aspalditik espero genuen obra bat da. Proiektua gertu dago eta adjudikatuta, eta Iberdrolako aurretiazko lanak amaitu ondoren hasi ahalko gara Arraguetako irudia eta funtzionaltasuna nabarmen aldatuko dituen obra honekin”.

Iraolak gehitu du esku-hartze hau lehentasunezkoa dela udal gobernu-taldearentzat, eta hiri irisgarriago eta kohesionatuago baten ikuspegi bati erantzuten diola. “Arragueta aldatzea inguru horretan bizi eta ibiltzen direnen egunerokotasuna aldatzea da. Pertsonen zerbitzura egongo den urbanismo baten alde egiten dugu apustu, eta obra hau horren adibide argia da”.