Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hondakinak, Eskolako Agenda 21eko udalbatzarraren gai nagusia

Hondakinak, Eskolako Agenda 21eko udalbatzarraren gai nagusia

Eskolako Agenda 21eko udalbatzarra.

2019/05/30

Aurtengo ikasturtean “Hondakinak” landu dute Eibarko ikasleek, Eskolako Agenda 21 programaren baitan. Gaur goizean udalbatzar berezia egin da Eibarko Udaletxean eta ikasleek urtean zehar egindako lanaren ondorioak eta egoera hobetzeko proposamenak eraman dituzte udalbatzarrera.

Gaur osteguna, maiatzak 30, Eskolako Agenda 21eko udalbatzarra egin da Eibarko Udaletxean. Eibarko 9 ikastetxetako 90 ikasle-ordezkari inguru batu dira bertan: Amaña, Arrate Andra Mari, J.A Mogel, San Andres, Urkizu, La Salle Isasi, La Salle Azitain, Uni Eibar-Ermua eta Eibar BHI.

Aurtengo ikasturtean hondakinen gaia landu dute ikasleek Eskolako Agenda 21 programaren baitan. Egitasmo hau aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du eta ikastetxeek Eibarko Udalaren, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen, Ingurugelaren eta Debegesa Garapen Agentziaren laguntza dute.

Urtean zehar hondakinen gaia lantzeko hainbat ekintza burutu dituzte ikastetxeetan. Besteak beste, zaborra ongi sailkatzeko ekintzak bideratu dituzte eta eskualdeko birziklapen tasak ikertu dituzte. Eibarko hondakin ezberdinen zikloak ere aztertu dituzte.

Behin egoeraren diagnostikoa eginda, ikasleek Udalbatzarrean aurkeztu dituzte ateratako ondorioak, baita euren eskaera eta proposamenak ere, hiri jasangarri bat eraikitze aldera. Halaber, aurten ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte birziklapen tasak hobetzeko eta edukiontziak ezberdinak beharren arabera kokatzeko.

Ikasleek Udalari egindako ekarpenetatik azpimarragarrienak hauek izan dira:

  • Zaborra modu egokian sailkatzeko edukiontzi eta zakarrontzi gehiago ipintzea ikastetxeetan zein herrian zehar.
  • Denda eta komertzio ezberdinetan plastikoen erabilera murrizteko neurriak hartzea sustatzea.
  • Hondakinen sorrera murrizteko eta birziklapena bultzatzeko kanpaina ezberdinak abiaraztea.
  • Edukiontziak erosoagoak izateko moldatzea.

Udal ordezkariek ikasleen proposamenak adi entzun eta erantzun dituzte eta eskerrak eman dizkie Eibarko ikastetxeei Eskolako Agenda 21ean egindako lanarengatik.

Eskolako Agenda 21 Debabarrenean

Udaletxeekin elkarlanean, 17 urte daramatza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 21 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 21. Egitasmoak hiru helburu ditu:

  • Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
  • Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
  • Partaidetza  eta  ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.

Guztira, 28 ikastetxe eta 8.000 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 21 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei.

Eskolako Agenda 21eko udalbatzarra ikusteko SAKATU HEMEN.