Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hilabete honetan Mugikortasunaren Europako Astea egingo da Eibarren

Mugikortasunaren Europako Astearen kartela.

Mugikortasunaren Europako Astearen kartela.

2021/09/07

Udalak diseinatutako programan hainbat ekitaldi antolatu dira, hala nola Nordic Walking, txirringa-ikuskizun bat, bizikleten bigarren eskuko azoka, Autorik gabeko Eguna eta ibilaldi osasungarri bat. Jarduera guztietan errespetatuko dira pandemiaren ondorioz ezarritako segurtasun-protokoloak, eta baita higiene-neurriak eta taldeen partaide-kopurua ere.

Eibarko Udalak bat egingo du aurten ere Mugikortasunaren Europako Astearekin, ‘Zure osasunaren alde, mugi zaitez modu jasangarrian' lelopean. Hainbat jarduera  egingo dira irailean zehar eibartarren artean mugikortasun iraunkorragoa bultzatzeko.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, "beste behin, Eibarko herritarren artean mugikortasun jasangarria sustatzeko hitzordu honen aldeko apustua egiten dugu. Inork ez du zalantzan jartzen ibilgailuak erabiltzea dela atmosferara egunero igortzen dugun CO2 kantitateari gehien eragiten dion faktoreetako bat, eta, beraz, klima-aldaketa bizkortzea gehien bultzatzen duen faktoreetako bat. Horregatik, gero eta garrantzitsuagoa da jasaten ditugun ingurumen arazoez jabetzea eta mugikortasun jasangarrian interesa piztea, sasoian mantentzeko eta guztiontzako ingurune osasungarriagoa lortzeko".”

‘Nordic Walking Bataioa’ izeneko jarduera bi saiotan egingo da, irailaren 14an (asteartea) eta 16an (osteguna), Itzioko parkean (Arrateko bidean dagoen gunean, Itzioko eskolaren aurrean), 10:00etatik 11:30era bitartean eta 18:00etatik 19:30era. Bi talde egingo dira, bakoitza gutxienez sei eta gehienez hamar lagunekoa, bata goizez eta bestea arratsaldez.

Jarduera horretan parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea, 943 708408 telefonora deituz, edo mezu elektroniko bat bidaliz ingurumena@eibar.eus. Mezuaren gaian honako hau adierazi behar da: ‘izen-ematea MEA2021’, eta datuak jarri (izen-abizenak, telefonoa eta harremanetarako emaila, eta parte hartu nahi den jardueraren data eta ordua). Izena emateko epea ostiral honetan amaitzen da, hilak 10.

Irailaren 17an, txirringa-ikuskizun bat egongo da: ‘Karoli, el hombre rueda’ 18:00etatik 19:00etara izango da Errebal Plazia espazio kultural berrian.  Gaztelaniaz izango da eta adin guztientzakoa. Sarrerak doan izango dira, baina aldez aurretik eskuratu behar dira Coliseoko lehiatilan (astelehen eta ostiraletan 17:30etik 19:30era) edo Kutxabank plataforman.

Irailaren 18an (larunbata) Nordic Walking mendi Martxa bat egingo da. Untzaga Plazan hasiko da 9:30ean eta honako ibilbide hau izango du: Untzaga, Amaña, Xoxola, Arrajola, Pagaegi-Abeletxe, Mandiola azpikoa, Nagiorbe, Estaziño kalea eta Untzaga, guztira 10 kilometro. Gutxienez sei pertsona izan beharko dira eta gehienez ere hogeita hamar.

Nordic Walking Bataioa jardueran bezala, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea 943708408 telefonoan edo ingurumena@eibar.eus helbide elektronikoan, mezuaren gaian 'izen-ematea MEA2021’ jarrita eta hainbat datu zehaztuta: izen-abizenak, telefonoa eta harremanetarako helbide elektronikoa, eta jardueraren data eta ordua. Izena emateko epea irailaren 16ra artekoa da, egun hori barne.

Halaber, irailaren 18an, bizikleten bigarren eskuko azoka eta konponketa-tailer bat egingo da. Azoka Untzaga Plazan izango da 10:30etik 14:00etara. Parte hartzeko 943 670249 telefonora deitu behar da bizikletak lagatzeko hitzordua adosteko. Partaidetza doakoa da.  

Bai bizikletak bai patineteak lehendik erabilitakoak izan behar dira eta egoera onean egon; gordailuan lagako dira aurretik hitzartutako orduan. Azoka amaitutakoan, salmentaren zenbatekoa entregatuko da edo bertan laga dena. Ez da onartuko 500 eurotik gorako preziorik; parte hartzeko adinez nagusia izan behar da eta NANa eta telefono-zenbakia eskatuko dira.  Gainera, goizean bizikletak konpontzeko tailer bat egongo da.

Irailaren 22an, jarduera-programaren baitan, ‘Autorik Gabeko Eguna’ izango da, eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin, Eibarko herri barruko autobus-zerbitzua (Udalbus) doan izango da.

Programatutako azken jarduera ‘Ibilixan, ibilaldi osasungarria" irailaren 24an egingo da, eta anbulatorioko plazatxotik (Toribio Etxebarria) irtengo da 9,30ean.  Oinez egingo den ibilaldi bat izango da, armozu osasuntsu batez eta ariketa terapeutikoen proposamen batez aberastua. Proposatutako Ibilixan ibilaldia (Eibarren seinalizatutako zirkuitoak) gorria da, eta Anbulatoriotik Urkira doa, Txontatik jarraitzen du eta Untzagan bukatzen da; 4 kilometro ditu  guztira.

Jarduera egiteko, gutxienez sei pertsona izan beharko dira eta gehienez ere hogeita hamar. Ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea 943708408 telefonoan edo ingurumena@eibar.eus helbide elektronikoan. Izena emateko epea irailaren 21era artekoa da, egun hori barne.

Aurreikusitako jarduera guztiak pandemiaren ondorioz ezarritako segurtasun- eta higiene-protokoloen mende egongo dira. Jarduera askotan beharrezkoa izango da maskara erabiltzea, eta kasu guztietan taldeetako pertsona-kopurua aldatu ahal izango da pandemiaren bilakaeraren arabera.