HELDU! ekintzailetza-programan parte hartu dutenek beren proiektuen emaitzak aurkeztu dituzte
Aurten berrikuntza maila altuko 4 proiektuk hartu dute parte. Ekintzailetza berritzailea babesteko programa gisa kontsolidatu da HELDU!
Aste honetan, Eibarko Udalak eta Debegesak HELDU! ekintzailetza-programaren 4. edizioaren itxiera-ekitaldia egin dute, zeinean parte-hartzaileek beren proiektuetan lortutako aurrerapausoak aurkeztu dituzten, hainbat hilabetetan formakuntza, aholkularitza eta espezializatutako eta pertsonalizatutako akonpainamendua jaso ondoren.
Amaierako pitching-aren edo aurkezpenaren ondoren, edizio honetarako aukeratutako 4 proiektuetako egileek ikasitakoak eta beren ekimen ekintzaileak azaldu dituzte, Eibarko eta eskualdeko ekintzailetzak berrikuntzarako duen gaitasuna erakutsiz.
Ekonomia Garapeneko zinegotzi Vanesa Hortasek azpimarratu duenez, “proiektu hauek gure herrian eta eskualdean dagoen sormenaren eta talentuaren isla dira. Ekimen bakoitzak ekarpen aparta egiten du, ez bakarrik tokiko ekonomia bultzatze aldera, baita ekintzaile-belaunaldi berrien inspirazio-iturri delako ere”.
Hauxe gehitu du Hortasek: “HELDU! bezalako programak funtsezkoak dira, ekintzaileei beren proiektuen fase guztietan laguntzen dietelako, hasierako ideiatik negozio-ereduaren baliozkotze-eredura iritsi arte, eta halako ekimenek aurrera egin dezaten beharrezkoak diren tresnak, formakuntza eta enpresa-ekosistemarekiko konexioak eskaintzen dizkiete”.
Aurtengo edizioan parte hartu duten proiektuek aniztasun eta berrikuntza maila handia erakutsi dute: Dronvista, ikus-entzunezko lanetarako, ikuskapen teknikoetarako eta fotogrametriarako drone bidezko aire-zerbitzuetan espezializatua; Smile For Life, teknologia digital aurreratua eta teknika tradizionalak uztartzen dituen protesi finkoan zentratutako hortz-laborategia; Neuro Blueprint SS, adimen artifiziala eta multiprozesatua erabiltzen dituen enpresa-softwarea, erabiltzaileak hautatutakoaren antzeko planoak aurkitzeko; eta MyGamerz, komunitate egonkorrak eta aktiboak sortzeko gamer-ak bere interesen arabera konektatzen dituen app soziala.
Programak iraun duen bitartean, ekintzaileek aukera izan dute beren negozio-ideiak baliozkotzeko, beren enpresa-ereduetan aurrera egiteko eta dituzten proposamenak ekosisteman gako diren eragileekin alderatzeko, hala nola profesionalekin, BPTD elkarteko enpresekin eta inbertsore izan litezkeenekin.
Debegesako Berrikuntza, Ekintzailetza eta Enpresa Saileko arduradun Cristina Zumetaren hitzetan, “HELDU! dagoeneko finkatuta dagoen programa bat da, urtetik urtera erakusten duena zein garrantzitsua den tokiko ekintzailetzaren aldeko apustua egitea. Parte-hartzaileek, beren ideiak garatzeaz gain, etorkizunerako aukera berriak ere sortzen dituzte”.