Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hasierako onarpena eman zaio 2021erako Aurrekontu Orokorrari, 38 milioi euro baino gehiagorekin

Udalbatzak 2021eko urtarrilaren 15ean egindako ezohiko bilkuraren irudia.

Udalbatzak 2021eko urtarrilaren 15ean egindako ezohiko bilkuraren irudia.

2021/01/18

Udal kontuak aurrera atera dira PSE-EEren (9) eta Eibarko EAJ-PNVren (6) aldeko botoekin eta EH-Bilduren (5) eta Elkarrekin Podemos Eibarren (1) abstentzioekin. Herritarrek 15 egun balioduneko epea izango dute aurrekontuari buruzko erreklamazioak aurkezteko, iragarkia BOEn (Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean) argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik aurrera.

Osoko Bilkurak, joan den ostiralean, urtarrilaren 15ean, ezohiko bilkuran, hasierako onarpena eman zien 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrari eta hari dagozkion eranskinei, 38.471.119,39 euroko zenbatekoan; aurreko urtearekin alderatuta, ia 10 milioi euroko murrizketa izan du udal aurrekontuak aurten. COVID-19ak eragindako osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisia dela eta, gastuari eutsi behar izan zaio, herritarren interesak eta beharrak lehenetsiz egungo egoeran, eta, aldi berean, Eibarko Udalak dituen baliabide ekonomikoak eraginkortasunez kudeatu behar izan dira.

Udal kontuak aurrera atera dira PSE-EE (9) eta Eibarko EAJ-PNV (6) alderdien aldeko botoekin, eta Eibarko EH-Bildu (5) eta Elkarrekin Podemos Eibar (1) abstenitu egin dira.

Ekitaldi honetarako onartutako aurrekontuari esker, Alkatetzaren memorian zehazten den bezala, "Kolokan dagoen sozietate bat erreskatatu ahal izango da, ahal den neurrian, gainerako administrazioen baliabideekin batera, COVID-19aren pandemiak maila guztietan eragin duen hondamendiaren tamainarekin bat datorren babes-maila emanez".

Horregatik, aurtengo aurrekontuaren zati handi bat pandemiaren ondorioen aurka borrokatzeko erabiliko da, maila guztietan, aurreko 2020an egin zen bezala, 1.700.000 euro baino gehiagoko Talka Plana onartuta, gizarteko hainbat sektoreri laguntzeko (ostalariak, merkatariak, enpresak...).

Egin beharreko inbertsioak

2021ean, Udalak bere baliabideak erabiliko ditu, besteak beste, hirigunearen barruan aisialdirako eremu berriak sortzeko. Esate baterako, Sakungo aisialdi-gune berdea bezalako hiri-aisialdiko eremu horiek izatea errealitate bat izango da aurten. Gainera, aurrekontu-partida garrantzitsu bat bideratuko da Mirabaso baso-lorategia egiteko.

Bestalde, Eibarko auzoetarako irisgarritasuna hobetzea funtsezkoa izango da 2021. urte honetan ere. Horrela, aurrekontuaren zati handi bat Ubitxa-San Kristobaleko igogailuen proiektuari ekiteko erabiliko da, Mekolako eta Arrate Bideko irisgarritasuna hobetzeko lanak ere hasiko dira, eta ahaleginak egingo dira Jardiñetako igogailuen proiektuari ekiteko.

Errebal Plazia proiektua, berriz, aurten emango da amaitutzat. Azokako plaza berri batez gain, eraikin horrek aisialdirako gune estali berri bat eta 200 aparkaleku inguru emango dizkio hiriari (100 emakidan eta 100 txandakako aparkalekuan, besteak beste).

Berriz ere, udal-aurrekontutik 3.000.000 euro baino gehiago bideratuko dira gure hiriko ekonomia- eta enpresa-garapenarekin zerikusia duten programa eta ekintzetara, eta, horrela, ekonomia- eta enpresa-sare indartsua mantentzearen aldeko apustua egingo da (prestakuntza- eta enplegu-ekintzak, ekintzailetzarako laguntza-programak, enplegagarritasuna hobetzeko programak, Cruz Irasuegui bekak, Toribio Echevarría sariak...).

Eta, jakina, 2021. urte honetan, indarrak batu behar dira Talka Plan berri bat egiteko, egoera ahulenean dauden pertsonei arreta eman ahal izateko; izan ere, egungo krisiaren ondorioz, kaltetuta ikusi dituzte beren ekonomiak.

Udal aurrekontuaren dokumentazioa

Alkatetzaren memoriari, kapitulukako udal-aurrekontuari, diru-sarreren eta gastuen aurrekontuari eta diru-laguntza izendunei buruzko eranskinari buruzko dokumentuak eskuragarri daude jada udalaren webgune honetako "Aurrekontua 2021" atalean.

Iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik aurrera, herritarrek 15 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko, eta aurrekontua behin betiko onartutzat joko da, baldin eta erakustaldiaren amaieran ez bada halakorik aurkeztu.

2021erako Aurrekontu Orokorra onartzeko Udalbatzaren ezohiko bilkurari buruzko bideoa