Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hasi dira Txontako igogailu berriaren lanak

2019/10/21

Obrak 331.000 euroko aurrekontua (BEZa barne) du eta Obras Especiales Edificación e Infraestructuras enpresak egingo du, 22 asteko epean. Igogailu berriak hobetuko egin du Txonta kaleko 44 eta 52 zenbakien arteko etxebizitzen irisgarritasuna.

Gaur astelehena, urriak 21, hasi dira Txonta auzoko goiko aldea eta Galizia pasealekua lotuko dituen igogailu publiko berria eraikitzeko lanak.

Igogailua, iturriaren plaza izenekoan kokatuko da, Txonta kaleko 42 eta 44 zenbakien arteko etxebizitza-blokeen artean. Obras Especiales Edificación e Infraestructuras enpresak egingo du obra; 331.001 euroko kostua du (BEZa barne), eta lanak egiteko epea 22 astekoa izango da.

Lan honek, batetik, hobetu egingo du auzoaren goialdeko irisgarritasuna, Txonta kalea Galiziako pasealekuarekin lotuko duen irisbide zuzen bat sortuz, eta, bestetik, lagunduko du Txonta kaleko 44 eta 52 zenbakien arteko etxebizitzetako auzokideek beren etxeetako irisgarritasunean hobekuntzak izan ditzaten, jabekide-komunitate bakoitzak egingo dituen obren bidez.

Halaber, egitasmoan iturriaren plaza osoaren eraberritzea ere egingo da: zorua eta hiri-altzariak berriztuko dira eta Corten altzairuzko eta egurrezko banku bat jarriko da. Orobat, oraingo iturria kendu eta modelo berri bat jarriko da, leku honetarako propio diseinatu eta eraikia, plazaren diseinuan integratuz.

Goiko aldean, pasabide batek zuzenean lotuko du igogailua Galizia pasealekuarekin, baita Txonta kaleko 44-52 zenbakien atzetik doan oinezkoentzako bidearekin ere, eta, etorkizunean, lehen aipatutako irisgarritasun-irtenbideak erraztu ahal izango ditu.

Miguel de los Toyos alkateak adierazi duenez, igogailu publikoaren egitasmo honek argi erakusten du “Gobernu-taldeak duen konpromisoa Eibarko auzo honekin eta azken urteotan bertako auzokideen bizi-kalitatea hobetzeko egiten ari diren hirigintzako beste lan batzuekin”.

Era berean, beste aurrerapauso bat da Udalak herri guztian zehar irisgarritasuna hobetzeko eta espazio libreak eraikitzeko xedez igogailuak, eskailerak eta arrapalak eraikitzeko plan anbiziotsuetan.  

Bestalde, azken urteotan, Eibarko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eskutik, asmo handiko plan bat jarri da abian auzoa urbanistikoki eraberritzeko, etxebizitza guztiak irisgarri egingo dituzten obrak eginez eta auzoko 17 atariko fatxadak eta teilatuak birgaituz, efizientzia energetikoko irizpideetan oinarrituta. Horretarako, aipatutako Departamenduak 2,3 milioi euroko dirulaguntza eman zuen, Txonta Berritzen Bulegoaren bidez kudeatzen ari dena —helburu horretarako berariaz sortua—, eta Txonta kaleko 3 zenbakian dagoena.

Udala hasi da Txonta auzoko dirulaguntzak ordaintzen

Bestalde, Udalak duela egun batzuk erabaki zuen Txonta kaleko 40. zenbakiko jabekideen komunitateari ordaintzea bere eraikinean egindako irisgarritasun-obrei eta energia-eraginkortasuna hobetuz fatxada birgaitzeko lanei dagokien dirulaguntza. Zenbateko hori 104.000 eurokoa da. Ordainketa hori egin da behin Udalak egiaztatuta komunitatea dirulaguntza arautzen duten oinarrien baldintzetara egokitu dela.

Horrela, bada, Txonta kaleko 40. zenbakia izan da lehena Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere garaian Txonta auzoari 17 atari birgaitzeko emandako dirulaguntza —2.300.000 eurokoa— kobratzen.

Bestalde, lehen aipatutako dirulaguntzen programan sartutako gainerako atari gehienak gogor ari dira lanean aipatutako obrak aurrera eramateko, eta dagoeneko kontratatu da birgaitze-proiektu gehienen idazketa, alde teknikoekin elkarlanean eta gaiari dagozkion erabakiak hartuz.

Erlazionatutako edukiak

etiketak: Eibar, igogailua, Txonta