Eibarko Udala

Hasi dira Mekolan egingo diren bi igogailuetako lehenengoa eraikitzeko lanak

2023/06/22
Mekolan egingo diren bi igogailuetako lehenengoaren irudia.

Igogailua Berdintasuna pasealekutik abiatu eta goian Ardantzatik Mekolara doan bideraino iritsiko da. Obrak Altuna y Uría enpresak egingo ditu eta otsailean egindako adjudikazioa 1.642.547 eurokoa izan da.

Mekola inguruan jarriko diren bi igogailuetako lehena eraikitzeko prestaketa-lanak aste honetan hasi dira. Igogailu hau Berdintasunaren pasealekutik abiatu eta Mekola kaleraino iritsiko da.

Obren iraupena 40 astekoa izango da, eta lanak Altuna y Uria enpresak egingo ditu, Udalak joan den otsailean lizitazio-prozesua egin ondoren, 1.642.547 eurotan (BEZa barne)  adjudikatuta.

Igogailua Berdintasun Pasealekuaren kotan egongo da, Bildosolaneko txalet zaharraren lursailen ondoan egingo den hondeaketaren ondorioz geratuko den parkean.

Igogailu honek 11 metroko altuera edukiko du eta tarteko geraleku bat izango du Mekolako 6, 7 eta 8 zenbakietako etxebizitzei zerbitzua emateko. Goian igogailua Ardantzatik Mekolara doan bidearen ondoan geratuko da, urbanizazio berria egiten ari diren lekuan, eta oinezkoentzako pasarela bat izango du.

Mekolako irisgarritasun-proiektua osatzeko, bigarren igogailu bat egingo da Arratebideraino, gaur egun eraikitzen ari diren etxebizitzen urbanizazio berriaren ondoan kokatuko dena.  

Bi igogailuen proiektua plan zabalago batean txertatuko da. Egitasmo horren barruan, Bildosolaneko txaleta zegoen lurretan parke bat egingo da jardingune zabal batekin oinezkoentzako pasealekuaren ondoan, eta San Juan kalearen atzealdean dagoen aisialdi-eremua berrurbanizatu egingo da.

Mekolako irisgarritasuna igogailu publikoen bidez hobetzea auzoko jendearekin izandako partaidetza-prozesu baten fruitu izan da. Prozesu horretan egin ziren bileren ondorioz, igogailuentzako hainbat kokapen posible proposatu ziren. Parte-hartzaileekin eztabaidatu ondoren azken aukera bat adostu zen, eta horixe izan da egitasmoa idazteko enpresa adjudikaziodunak kontuan hartu duena.

Parte-hartze prozesuan adostu zen, baita ere, Mekola kalean hobekuntzak egitea Ardantzako Babes Ofizialeko Etxeen urbanizaziotik Arratebideraino, eta gogoeta bat egitea auzoko trafikoaren inguruan.

Lehen igogailu hau egiteko obrak hastear direla-eta, Jon Iraola alkateak hauxe esan du: “Proiektu honen bidez, Eibarko erdigunearen eta Mekola eta Arratebide inguruaren arteko irisgarritasuna hobetuko da, eta, eremu horren berrurbanizazioa ahalbidetzearekin batera, hiriaren erdigunean aisialdirako gune berriak sortuko dira”.