Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hasi dira Errebalgo obrak

2019/05/06

Adjudikazioaren ostean ezarritako epeak betez, datorren urteko udarako obrak amaitzea ahalbidetuko duen plangintza finkatu da. Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan “obrei berriro ekitea albiste handia da, Eibarrerako proiektu estrategikoaren azken faseari heltzen zaiolako. Errebal errealitate da dagoeneko”.

Errebal Plazia erabilera anitzeko eraikuntza amaitzeko obrak aste honetan hasi dira, Iza eta Campezo eraikuntza-enpresek osatutako aldi baterako enpresen elkarteari adjudikatu ondoren ezarritako epeak betez. Joan den astelehenean sinatu zen obraren zuinketa-akta, eta, hortaz, adjudikazioduna hasi da lan egiten obraren esparruan.

Lehenik, langileen etxolak eta instalazio sanitarioak jarri dira; era berean, topografo bat eta hainbat langile obraren neurketa- eta zuinketa-lanak egiten ari dira, hormigoi armatuzko egitura egin ahal izateko.

Enpresak finkatutako plangintzaren arabera, datorren astelehenean, maiatzaren 6an, -2 sotoko hormatxoen eta drainatze perimetralen lanak hasiko dira, eta jarraian soto horren zoladurari ekingo zaio. Sotoetan egingo diren lehen lan horiek sei aste iraungo dute. Halaber, lanak errazteko, asteazkenean, maiatzak 8, Merkatu kalea trafikoari itxita egongo da eta Blas Etxeberria kale itsu bezala geratuko da, kale horretako parkingen erabiltzaileei bakarrik zerbitzu emanez.

Aldi berean, beste lan batzuk hasiko dira. Zehatzago, maiatzaren 13an, aurreikusita dago egiteko dagoen hormigoi armatuzko egiturari ekitea, etorkizuneko merkatuko guneari dagokion beheko solairutik hasita. Aurreikusita dago hormigoi armatuzko egituraren lan guztiak abuztu amaiera aldera amaitzea. Era horretan, irailetik aurrera hasiko da erabilera anitzeko plazaren teilatu gardenari sostengua emango dion egitura metalikoa.

Lanak aste honetan hasi ostean, eta obra osoaren egikaritze-epea 15 hilabetekoa denez, espero da lan guztiak 2020aren uztail bukaerarako amaituta egotea. Hala, bete egingo da adjudikazio-kontratuan ezarritako epea, eta Errebalgo erabilera anitzeko espazio berria errealitate izango da datorren urteko udarako.

Errebalgo funtzio anitzeko eraikinaz eta kultur ekipamenduaz osatutako espazioa egiteko zeuden obrak Iza eta Campezo aldi baterako enpresen elkarteari adjudikatu zitzaizkion 5.369.178,80 eurotan (BEZa barne).

Obrei ekitean, Miguel de los Toyos alkateak zera adierazi du: "albiste handia da, Eibarrerako proiektu estrategikoa den azken fasea delako. Nahiz eta batzuetan gauzak ez atera nahi genukeen moduan, azkenean, erantzukizunez eta konpromisoz lan eginda gauzatu egiten dira proiektuak. Lanean jarraitzen dugu eta pauso sendoak ematen, eta Errebal errealitate da dagoeneko”.

etiketak: Errebal