Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hasi da deskontu-kanpaina berria, 35 euroko erosketa-bonuekin, 50 euroko balioa duten erosketak egiteko

 Kanpaina berriaren erosketa-bonuaren irudia.

Kanpaina berriaren erosketa-bonuaren irudia.

2020/11/09

Guztira 135 merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduk parte hartuko dute EMGIk (Eibar Merkataritza Gune Irekia) antolatutako eta Udalak diruz lagundutako kanpaina honetan. Kanpaina azaroaren 29ra arte luzatuko da.

Gaur, azaroak 9, astelehena, erosketa-bonuen kanpaina berri bat hasi da, Eibarko 135 merkataritza- eta zerbitzu-establezimendutan produktuak eta zerbitzuak deskontuekin erosteko. Interesa dutenek 35 euroko bonoa erosi ahal izango dute 50 euroko balioa duten erosketak egiteko (hau da, % 30eko deskontuarekin). Kanpaina Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) antolatzen du eta Eibarko Udalak diruz laguntzen du.

Erosketa-bonoak gaurtik azaroaren 29ra arte (edo izakinak agortu arte) eros daitezke Eibar Merkataritza Gune Irekiak Txaltza Zelain duen bulegoan (Untzagako dorrearen atzealdean, lehen IMQ izan zen lokalean), 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:30era astelehenetik ostegunera, eta ostiraletan 08:00etatik 15:00etara.

Bonuak 25 euroko edo gehiagoko bi erosketatan bana daitezke. Bonu horiek Eibarren bizi diren pertsonentzat soilik izango dira baliagarriak, eta gehienez ere bi bonu izango dira NAN edo errolda bakoitzeko. Gainera, pertsona bakoitzeko gehienez lau NAN jaso ahal izango dira. Nolanahi ere, txartelarekin ordaintzea gomendatzen da.

On line salmenta gomendatua


Bonuak aurrez aurre eros daitezkeen arren, on-line egitea gomendatzen da. Horretarako, interesdunek www.nikeibarrenerostendot.eus web orrira jo behar dute. Bonuak, ondoren, ordainagiriarekin batera jaso ahal izango dira, on-line erosten denetik bi egun baliodun igaro ondoren, eta betiere azaroaren 20a baino lehen, Txaltxa Zelaiko EMGIren bulegoan, 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:30era astelehenetik ostegunera, eta ostiraletan, 08:00etatik 15:00etara. On-line erosita, bonu kopuru mugagabea jaso daiteke, dagozkien egiaztagiriekin.

Egoera epidemiologikoa dela-eta establezimenduak ixten badira, bonuen indarraldia bonuen itxieraren iraupen berean luzatuko da.

Parte hartzen duten establezimenduak

Kanpainan parte hartzen duten 135 establezimenduetatik, 44 pertsonaren ekipamendurako saltokiak dira, 23 elikadurakoak eta goxokiak, 22 etxeko ekipamendukoak, 14 osasun eta edertasunekoak, 8 farmazia (parafarmaziako artikuluak soilik), 8 optika eta audiozentroak, 4 bitxi-denda eta erlojuak, 3 liburu-denda eta bulegoko materiala, 2 informatika-denda, 2 lore-denda, 2 estanko eta saltoki handietako 1.

Erosketa-bonuen kanpaina berri hau hasiera batean ostalaritza-sektorea ere barne hartzeko pentsatuta zegoen, baina Eusko Jaurlaritzak joan den ostiralean, azaroaren 6an, ostalaritza hilabetez ixtea erabaki zuen dekretuaren ondoren, sektore horrek ezingo du parte hartu. Hala ere, EMGIAk (Eibar Merkataritza Gune Irekia) iragarri du ostalaritzak ateak berriro ireki ahal dituenean sektore horri laguntzeko jarduera espezifikoren bat diseinatuko dela.