Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gizartekintzak antolatutako "Nola zahartu ondo etxean" tailerrak martxan

2016/11/08

Helburua da pertsona nagusiek beraien etxeetan ongizatea eta bizi kalitatea izatea. Guztira, 40 pertsonek parte hartuko dute bi talde ezberdinetan, 20 lagun bakoitzean.

Eibarko Udalaren Gizartekintza Sailak "Nola zahartu ondo etxean" tailerra antolatu du pertsona nagusientzat eta haien familiako zaintzaileentzat edo zaintzaile profesionalentzat aholkuak emateko osasunez zahartzearen inguruan.

Saioetan emango diren aholkuak eta argibideak eguneroko bizitzan aplikagarriak diren adibide eta jarraibide praktikoekin batera azalduko dira. Tailerra gazteleraz izango da eta osasun eta gizarte arloko profesionalek emango dute ordu eta erdiko lau saiotan. Bi talde sortu dira eta bakoitzean 20 pertsonek hartuko dute parte: 15 pertsona nagusi eta beste 5 zaintzaile. Talde bakoitzak lau saiotan hartuko du parte.

Lehenengo taldearentzat saioa gaur, azaroak 8, eskainiko dute "Nola zaindu gorputza" lelopean. Elikadura, loa, gorputza zainketa edota medikazioa landuko dira. Idoya Sarasquetak, Familia Mediku moduan, aurkeztuko du saioa. Bigarren taldeak, berriz, bihar, azaroak 9, hartuko du parte aipatutako saio berean.

Gainontzeko saioak lehenengo taldearentzat azaroaren 14an, 21ean eta 28an izango dira eta bigarrenarentzat azaroaren 15ean, 23an eta 29an. Bigarren saioak "Erorketak prebenitu" du izenburu. Hirugarren saioa, "Seguru ibiltzeko" izenburupean eskainiko da. Amaitzeko, Sonia Ulazia eta Elena Iraolagoitiaren gidaritzapean, "Burua zaindu eta ondo sentitu" saioa eskainiko da. Saio guztiak 16:30etik 18:00etara eskainiko dira Portalean.

Ekimen hau Udal Gobernu Taldearen eta Eibarko EAJ-PNVaren artean adostutako zuzenketa baten ondorio da.