Eibarko Udala
gizartekintza

Gizarte Zerbitzuen sarea indartu eta 2.300 prestaziotik gora tramitatu dira Eibarren, 2025ean

2026/02/09
Argazkia: Gizartekintza Arloko 2025eko Memoria.
Argazkia: Gizartekintza Arloko 2025eko Memoria.

Udalak kontsolidatu egin du pertsona nagusiei, zaurgarriei eta familiei emandako arreta, giza baliabide gehiagorekin eta itxaron-zerrenda gutxiagorekin. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak 675.822 eurokoak izan dira eta hazi egin da etxebizitzari, etxeko mantentze-lanei eta energiari lotutako eskaera.

Eibarko Udaleko Gizartekintza Sailak 2025. urteko balantzea egin du, eta aste honetan aurkeztutako Memoriak nabarmendu duenez, arreta indartu, baliabideak zabaldu eta gizarte kohesioaren aldeko apustua egin da.

Urtean zehar, zerbitzuan 23 profesional aritu dira lanean, Zuzendaritza, Administrazio Bulegoa, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta Esku-hartze komunitarioa ataletan banatuta. Aurrerapenik nagusiena Harrera Gizarte Langilearen figura sortzea izan da, ahalbidetu duena berehalako arreta eskaintzea, herritarrekiko informazioa hobetzea eta itxaron-zerrendak murriztea. Langile honek 1.030 artatze egin ditu, gehienak aurrez aurrekoak.

Administrazio Bulegoak aurrez aurreko 22.700 arreta-kasu baino gehiago artatu ditu, eta teknikariek, etxez etxekoez gain, 7.000 bisita inguru egin dituzte. Guztira, 2.346 gizarte-prestazio tramitatu dira, gehienak emakumezkoenak.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, datu hauek erakusten dute Udalak konpromiso irmoa duela gizarte-zerbitzuen sistema sendo, hurbil eta herritarren benetako premiei erantzungo diena eskaintzeko. Iraolak dioenez, “desberdintasunak gero eta handiagoak diren eta zaurgarritasun berriak dauden testuinguru batean, ezinbestekoa da aurrea hartzea, baliabideak indartzea eta inor ez dela atzean geratzen bermatzea”.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzek (GLL) garrantzi nabarmena izan dute 2025ean: 852 dirulaguntza tramitatu dira  (675.822,33 euro). Prestazio hauek, batez ere, etxebizitza-, energia- eta mantentze-gastuak estaltzeko erabili dira, eskaera urtetik urtera igotzen ari den testuinguru batean.

Gainera, Udala dirulaguntzak emateko prozesuaren irizpideak berrikusten hasi da, 2026an sistema eraginkorragoa izan dadin.

“Ikusten ari gara presio ekonomikoak gero eta familia gehiagori eragiten diela. Horren aurrean, gure obligazioa da premia horri arintasunez, justiziaz eta gizarte-sentsibilizazioarekin erantzutea”, gaineratu du alkateak.

Biztanleen etengabeko zahartzeak pertsona nagusiak lehentasunen erdigunean jartzen ditu udaleko gizarte-ekintzaren barruan. Esparru horretan, urtean 600 mendekotasun-balorazio inguru tramitatzen dira, eta gaur egun 955 prestazio ekonomiko daude indarrean.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak 176 pertsona nagusi artatu ditu, gehienbat bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako emakumeak (33.9000 arreta-ordutik gora). Era berean, Pertsona Helduei Arreta Psikosoziala emateko zerbitzua ere kontsolidatu egin da; 87 pertsonak hartu dute parte akonpainamendu soziala eta isolatze-prebentzioa oinarri dituen zerbitzuan.

Pertsona Nagusien Gizarte Zentroen dinamizazioa ere bultzatu da, eta horri esker, nabarmendu beharreko mugarri garrantzitsuenetako bat ENE! elkartea osatzea izan da. Eibarko Nagusien Elkarteak herriko pertsona nagusiak batzen ditu eta parte-hartze komunitarioa bultzatzen du.

Kultura-aniztasunaren esparruan, Gizarte Zerbitzuek 25 herrialdetatik etorritako pertsonak artatu ditu, eta, hala, harrera-programak, alfabetizazioa, laguntza psikosoziala eta kulturarteko sentsibilizazioa indartzen dira.

Haurrei, nerabeei eta familiei bideratutako politikek aurrera egin dute, Eibar hautagaia baita UNICEFen Haurren Lagun den Hiria aitortzarako eta, horren harira, ikastetxeekin batera hainbat ekimen jarri dira martxan. Azpimarratzekoak dira, era berean, babes-gabeziaren adierazleen gaineko formakuntza-saioak ere, zeinetan 120 pertsonak baino gehiagok hartu duten parte, gehienak irakasleak.

Adikzioen prebentzioari eta osasunaren sustapenari dagokionez, hainbat programa abiarazi dira hezkuntza-inguruetan, aisialdi-guneetan eta herriko jaietan, eta milaka lagunengana iristea lortu da informazio-saioen eta arriskuak murrizteko eta prebenitzeko ekintzen bidez.

2025eko Memoriak hauexek identifikatzen ditu erronka nagusitzat: telefono bidezko arreta hobetzea, itxaron-zerrendak murriztea, etxebizitzaren arazoari era integralean heltzea, sailen arteko zeharkako lana indartzea eta Gizarte Zerbitzuen I Plan Estrategikoa egitea, eredu hurbila, irisgarria eta arreta pertsonengan jartzen duena kontsolidatzera bideratua.

 “Eibarko Udalak berretsi egiten du gizarte-zerbitzu publikoak, hurbilak eta irisgarriak eskaintzeko duen konpromisoa, hala, pertsonei eta kolektibo zaurgarrienei eman beharreko arreta bermatuko da eta herria kohesionatuagoa, berdinzalegoa eta bidezkoagoa izango da. Egungo erronken aurrean, jarraitu egingo dugu udal-baliabideak indartzen, lan komunitarioa eta erakundeen arteko koordinazioa bultzatuz, arreta integrala oinarri duen eredu baterantz aurrera egite aldera, zeinean pertsonak eta haien bizitza-kalitatea erdigunean egongo diren”, adierazi du Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotziak.