Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gizarte-laguntzaren bat jaso eta adingabeak beren kargu dituzten familiek dirulaguntza gehiago eskuratuko dituzte eskolaz kanpoko jardueretarako

2019/03/27

Udalbatzak, martxoaren 25ean egindako bilkuran, dirulaguntza hauen oinarriak onartu zituen. Aurten bi aldaketa esanguratsu daude: diruz lagunduko dira Gizarte Larrialdiko Laguntza jasotzen dutenak eta AMPAko kuotak. Oinarriak behin onartuta, deialdia lantzen ari dira hemendik hilabete batzuetara irekitzeko.

Udalbatzak, martxoaren 25ean, onartu egin zituen eskolaz kanpoko jardueren % 100 diruz laguntzeko udal laguntza ekonomikoren bat jaso eta 5 eta 17 urte arteko adingabeak dituzten familientzako dirulaguntzen oinarriak.

Bi hilabete barru irekiko den aurtengo ekitaldiko deialdiak bi aldaketa esanguratsu izango ditu: batetik, onuradun izango dira Gizarte Larrialdiko Dirulaguntza jasotzen duten familiak, izan ere, orain arte bakarrik ziren onuradun Dirusarrerak Bermatzeko Errenta edo Dirusarrerak Bermatzeko Laguntza jasotzen zutenak. Bestetik, diruz lagungarriak izango dira Gurasoen Elkarteen kuotak, Multikirolak programa, Afariketan programa edo Jazinto Olabeko ludoteka, familia hauek ere jaso ditzaten Gurasoen Elkarteek eskaintzen dituzten zerbitzuak.

Eibarko Udalak erabaki du hobekuntza hauek sartzea dirulaguntzak jasotzen dituzten familiei laguntzeko. Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan, “Eibarren badira familiak, DBE edo DBL jaso ez arren, baliabide ekonomiko urriak dituztenak hainbat gasturi aurre egiteko, eta beharrezkoa ikusten dugu  familia horiei ere laguntzea eta lagun daitezkeen jarduera gehiago sartzea ere".

Hilabete batzuk barru argitaratuko den deialdian zehaztuko dira zein diren bete beharko diren baldintzak dirulaguntza hauek jasotzeko.  

2016an programa hau martxan jarri zenetik, Eibarko Udalak 170 eskaera baino gehiago izan ditu.