Eibarko Udala

Gipuzkoako Foru Aldundiak laster adjudikatuko du argiztapenaren instalazioa Eibar eta Elgoibar arteko bidegorrian

2023/03/02
Bidegorri proiektuaren artxiboko irudia.
Foru erakundeak Udalari jakinarazi dio 567.916 eurotan atera duela proiektua gauzatzeko lizitazioa, eta bost hilabeteko epea eman duela proiektua gauzatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lizitaziora atera ditu Eibar eta Elgoibar lotzen dituen txirrindulari-oinezkoentzako bidea argiztatzeko lanak.  Lehiaketa arautuko duen klausulen agiriak zehazten duenez, proiektua lehiaketara aterako da 567.916,34 euroko oinarrizko aurrekontuan (BEZa barne), eta lanak gauzatzeko epea bost hilabetekoa izango da.

Aldundiak Eibarko Udalari jakinarazi dio Eibar eta Elgoibar arteko bidegorriaren ibilbide osoan argiztapena izateko prozesua abian jarriko duela. Era horretan, foru erakundeak erantzun egiten die bidegorriko erabiltzaileek azken hilabeteetan egindako eskaera bati, Udalak ere berresten duena.

Albistearen aurrean, Jon Iraola alkateak zera esan du: “Berri oso ona da, hilabeteetako izapideen ondoren, laster Azitain eta Maltzaga arteko bidegorriaren argiak adjudikatzea eta instalatzea.  Asko izan dira bide hori erabiltzen dutenek helarazi dizkiguten eskabideak, eta, modu honetan, oinezkoen igarobidea seguruagoa eta erosoagoa izango da”.

Aurreikusitako obren helburua da argiztapen-sistema bat ematea bidegorriari, argi faltaren arazoa konpontzeko; izan ere, kontuan hartu behar da jende asko ibiltzen dela bertatik eta, hortaz, inpaktu handia duela bi herrien arteko loturan.

Bidegorria Elgoibarko Zizilion kaleko zubitik Eibarko sarreraino doa eta guztira 4.323 m ditu.  Orain lizitaziora irtengo den proiektuak zubi horretan hasi eta Eibarko sarreraraino dagoen bidegorriko argi falta hobetu nahi du.