Gipuzkoak Naturaren eta Ingurumenaren Zinemaren lehen Erakusketaldia sustatu du, gure ingurune naturalarekin lotura areagotzeko

2021/04/08

Eibarren bi film proiektatuko dira GNAT Zinemaren barruan: apirilaren 15ean “La Dehesa” eta apirilaren 22an “Una vida en nuestro planeta”. Eibarko Coliseoan izango dira eta sarrerak doan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren I. Erakustaldia aurkeztu du. Apirilaren 13tik 23ra izango da, Gipuzkoako zortzi udalerritan. Gipuzkoa Naturaldiaren parte da Gnat Zinema. Jende guztiarentzako ekitaldi eta baliabide-programa da, naturarekiko eta, bereziki, Gipuzkoarekiko lotura bultzatzeko.

Zinema Erakusketa honen helburua gertuen dagoen naturaren kalitatearen dibulgazioa da, pertsonok naturarekin ditugun harremanetan sakonduz eta gizarteek naturarekin erlazionatzeko dituzten formak ezagutuz: natura gizateriaren kulturan, naturan dugun aztarna, pertsonen eta animalien arteko lotura, haurrak eta natura.

Gnat Zinema egoitza izango duten Gipuzkoako zortzi udalerriak Azpeitia, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Oñati, Tolosa eta Zumaia izango dira. Egoitza horietan, naturarekin lotutako 10 film proiektatuko dira: Dehesa, Mountain, Artifishal, The Wild Thing, Los Plástico, Out Of Plastic, Natura Bizia, The Sacred Place Were Life Begins, Burbunak eta Etsayak y David Attenborough: Una Vida en Nuestro Planeta.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “Gnat Zinema proiektu irekia da, naturaren alde bat egin behar duela uste duen ororentzat, bai naturaren defentsatik, bai sorkuntzaren dibulgaziotik”. Era berean, Asensiok azpimarratu du “Zinema Erakustaldi honek meditaziora, errealitatearen kontzientzia hartzera, nor garen eta gure ingurunearekin nola erlazionatzen garen hausnartzera gonbidatzen gaitu”.

Eibarren proiekzioak

Eibarren bi film proiektatuko dira GNAT Zinemaren barruan: apirilaren 15ean, “La Dehesa”, Joaquin Gutierrez Acharena,  KANTAURIKO zuzendariaren film luze berria, Iberiar Penintsulako zonalde ezezagunena erakusten diguna, DEHESA. Wanda films-en ekoizpena eta  Carlos de la Hita soinu-arduraduna da.

Bestalde, apirilaren 22an, David Attenborough zientzialari britainiarraren dokumental autobiografiko bat proiektatuko da Eibarko Koliseoan: “La vida en nuestro planeta”. Dokumental honek bere bizitzako esperientzia garrantzitsuenei buruzko errepasoa eta hausnarketa egiten ditu. 93 urterekin, David Attenboroughek planetako kontinente guztiak bisitatu ditu, ehunka leku esploratuz eta bizi izan duen mundua bere osotasunean dokumentatuz. Zientzialariak klima-aldaketarekin eta, bereziki, biodibertsitatearen galerarekin lotutako aldaketen errepasoa egiten du, bere bizi-esperientzian oinarrituta. Luxuzko irudiekin egindako superprodukzio horrek gure planetaren galerari buruzko datu beldurgarriak ematen ditu, eta irtenbideak proposatzen ditu klima-aldaketaren ondorio negatiboak saihesteko. Filmaren ondoren, Joaquin Araujo eta Miguel Delibesekin batera hausnartzeko aukera izango dugu.

Sarrerak doan dira eta Gipuzkoa Ingurumenako webgunean eskatu behar dira.

Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan: “Gipuzkoa Naturaldia Eibarrera iritsi zenetik, harrera bikaina izan du, ediziotik ediziora hobea, eta horrek eibartarrek ingurumenarekiko duten interesa erakusten du. Ekimen honek herritarren eskura jartzen du kalitatezko dibulgazio-materiala, modu erraz eta atseginean, gure ingurune naturalera eta bertako arazo nagusietara hurbiltzen gaituena, eta, aldi berean, gaur egun hain beharrezkoa den sentsibilizazio ekologikoa sustatzen duena.”.

Laburmetraien lehiaketa

Honez gain, Gipuzkoako gazte eta helduentzako lehiaketa bat egingo da GNAT Zinema ekimenaren baitan, eta bi kategoria izango ditu. Lehenengo kategorian, Gipuzkoako ikastetxeetako DBHko ikasleek hartuko dute parte. Hurbilen dugun naturarekin dugun harremanari buruzko 3-5 minutuko metraje laburreko film bat egin beharko dute. Proposamenak Maiatzaren 7ra arte jasoko dira eta lehiaketa irabazten duen laburmetraia ekainean egingo den sari-banaketan ezagutuko da. Sari gisa, saritutako film laburra Naturaren eta Ingurumenaren Zinemaren Bigarren Erakusketan emango da 2022an. Era berean, lehiaketan parte hartzen duten guztiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritzaren opari-sorta bana jasoko dute. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Ingurumeneko Zuzendaritzako eta Donostiako Zinemaldiko ordezkariek osatuko dute epaimahaia.

Bestalde, lehiaketaren bigarren kategoria 18 urtetik gorako helduentzat izango da. Egin beharreko lana berdina izango da, 3-5 minutuko film laburra, gure inguruko naturaren ikus-entzunezko esentzia islatzen duena.  Saria 6000 euro dirutan izango da, saridunak naturari buruzko 15 eta 30 minutu bitarteko ikus-entzunezko bat garatu dezan . Saridunak garatuko duen ikus-entzunezko hau GnatZinema 2022 Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldian aurkeztu eta emango da. Kasu honetan, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Edurne Pasaban alpinistak, Coro Odriozola Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteko koordinatzaileak eta Donostia Kulturako Zine Unitateko eta Donostiako Zinemaldiko ordezkariek osatuko dute epaimahaia.

Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren I. Erakustaldia aurkezpenaren irudia.

Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren I. Erakustaldia aurkezpenaren irudia.