Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gazteen enplegua sustatzeko Enplegu Anezka abiatuko da apirilean Debabarrenean

2016/03/30

Eibarko Udalak, eskualdeko beste udalekin batera, eta Debegesaren bitartez, martxan ipinitako ekimena da. Enplegu anezka honek 25 gazte langabetu hartuko ditu: 18 eta 29 urtera bitarteko gizonak eta 34 urte arteko emakumeak. Izen-emate epea apirilaren 7an amaituko da eta datorren asteartean, hilak 5, 10:00etan, informazio saioa egingo da.

Apirilean jarriko da abian Debabarreneko Enplegu Anezka, gazteak lan mundura sartzea errazteko. Eskualdeko udalen eta Debegesa garapen agentziaren eskutik jarriko da martxan egitasmo berritzaile hau. Langabezia egoeran dauden gazteei zuzenduta dago. Gizonezkoak badira, 18 eta 29 urte bitartekoak. Emakumezkoen kasuan, 18 eta 34 urte bitartean. Ez da prestakuntza profil zehatz bat eskatzen; oinarrizko ikasketak dituzten gazteak izan daitezke, lanbide heziketatik edo batxilergotik datozenak, edo unibertsitate ikasketak dituztenak.

25 kidek osatutako Anezka

Enplegu Anezka hau 25 lagunek osatuko dute eta Debegesako teknikari batek lagunduta coaching eta adimen emozionaleko saioak egingo dituzte, komunikazio dinamikak, marka pertsonala eta enplegu bilaketa 2.0, elkarrizketa pertsonaletarako entrenamendua, enplegagarritasun mapak, enpresetara bisitak, bilerak ekintzaileekin, lan bitartekaritzako prozesuak giza baliabideetako arduradunekin...

Proiektuan parte hartu nahi dutenek apirilaren 7ra arteko epea dute izena emateko. Erabat doakoa da eta plaza mugatuak dira. Informazioa eskuratzeko: www.debegesa.eus; 943 82 01 10 telefonora deituz edo lanzadera@debegesa.eus helbidera idatziz.

Informazio saioa asteartean, hilak 5

Interesa duten gazteei zuzenduta, datorren asteartean, hilak 5, 10:00etan, informazio saioa egingo da Debegesa garapen agentziaren bulegoetan (Azitain Industrialdea 3 bis, Eibar).

Egitasmo hau Gipuzkoako Foru Aldundiak, Telefonica Fundazioak, Santa María la Real Fundazioak eta Debegesa garapen agentziak sinaturiko lankidetza hitzarmenaren ondotik jarriko da abian Debabarreneko eskualdean.