Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gaur zabalduko dira 'Errebal Plazia' eraikineko -2 solairuan kokatuta dauden emakidako garajeak

 'Errebal Plazia' eraikineko -2 solairuan kokatuta dauden emakidako garajeak.

'Errebal Plazia' eraikineko -2 solairuan kokatuta dauden emakidako garajeak.

2021/09/06

101 aparkalekuen emakida dutenek kontratuak sinatzera eta garajeen eta trastelekuen giltzak jasotzera joan beharko dute. Datozen egunetan -1 solairuan dagoen parking publikoa ere zabalduko da; bertan ehun plaza daude eta txandakakoa izango da.

Gaur, hilak 6, martxan jarriko da ‘Errebal Plazia’ eraikinaren -2 solairuko emakidako garajeen gunea. Bere garaian egin zen zozketaren ondoren esleitutako ehun aparkalekuren onuradunek goizeko 10:00etatik aurrera joan beharko dute Errebal kaleko bulegora eta kontratua sinatu; jarraian, haren kopia bat jasoko dute eta pack bat garajeen eta trastelekuen giltzekin.

Une horretatik aurrera, emakidadunak garajeak erabiltzen hasi ahalko dira. Honekin, beste pauso bat ematen da ‘Errebal Plazia’ eraikina martxan jartzeko planarekin; eraikinaren plaza publikoa eta inguruak uztailaren 9an zabaldu ziren, Jon Iraola alkateak instalazioak aurkezteko egindako ekitaldi xume baten ondoren.

Emakidako garajeen gunea osatzen duten 101 aparkalekuetatik, 98 esleitu dira; kasu batean adjudikaziodunak uko egin dio plazari, eta mugikortasun murriztuko pertsonei zuzendutako bi plaza hutsik geratu dira.  Bi plaza horiek laster eskainiko dira berriz ere.

Hurrengo pausoa -1 solairuan dagoen parking publikoa zabaltzea izango da; guneak beste ehun plaza ditu. Datozen egunetan egingo da irekiera, seinalizazio bertikala amaitu ondoren.  Parking hori txandakakoa izango da.

Aurrerago, eta ‘Errebal Plazia’ eraikinaren zerbitzuak osatzeko, markatu plaza jarriko da martxan, zeina eraikinaren beheko solairuan kokatzen baita.  Eta, era berean,  ‘Errebal Plazia’ eraikineko (funtzio anitzeko plaza eta erabilera askotariko gelak) espazio soziokulturalak modu progresiboan joango dira txertatzen herriaren bizitza sozialean eta kulturalean, egingo diren kultur- eta aisialdi-ekitaldien egoitza berri bat eratuz.

Maiatzaren 30ean egin zen emakidako garajeen 101 plazaren zozketa, eta ondoren, ekainean, bisitak antolatu ziren parkingera onuradunek garajeen eta trastelekuen plazak ikusi eta gehien interesatzen zitzaiena aukera zezaten, zozketaren lehentasun-ordenari jarraituz.