Gaur, hilak 11, hasiko dira erdigunea Jardiñeta eta Aldatze lotuko dituen igogailuaren obrak
Gaur, astelehena, hilak 11 hasiko dira Julian Etxeberria kalea Jardiñeta eta Aldatze inguruarekin lotuko dituen igogailu publikoa eraikitzeko obrak, eta baita igogailutik Itziorainoko berrurbanizioa ere. Obrak konplexutasun handikoak dira eta urte amaiera arte luzatuko dira; exekuzio-epea sei hilabetekoa da eta, hortaz, aurreikusten da igogailua 2018a amaitu baino lehen martxan egotea.
Eibarko Udalak OBRAS ESPECIALES EDIFICACIÓN E INFRAESTRUCTURAS S.A.U enpresari adjudikatu dizkio obrak 849.092,89 eurotan (BEZa barne), kontratazio-mahaiak proiektua aurrera eramateko aurkeztutako proposamenak baloratu ondoren.
Obrak gaur, hilak 11, hasiko dira Aldatze kalearen goiko aldean, alegia, igogailuaren ate inguruan, Itziora doan bihurgunearen ondoan. Lehenengo lan horiek lur-prospekzio batzuk egiteko izango dira, edateko uraren, gasaren eta 13.200 Kv-ko aireko linea beste bide batetik eramateko; hortaz, kalea itxita egongo da hiru hilabetez.
Leku horretan kalea moztu beharrak aldaketa batzuk eragingo dizkio ibilgailuen trafikoari, irail erdira arte luzatuko direnak. Batetik, saihesbideko irteeran Jardiñetatik sartzen direnek ezingo dute Istitututik Aldatzera eta Ardantza aldera aurrera egin, eta Pagaegitik jaitsi beharra izango dute (salbu eta Jardiñeta kalean bertan aparkatzera edo garajeetara doazenak). Eta, bestetik, sei metro baino handiagoak diren ibilgailu pisutsuek debekatuta izango dute saihesbide irteera Jardiñetan.
Igogailua Julian Etxeberriako 1. zenbakiaren (Telefonikako eraikina) eta 3. zenbakiaren artean kokatuko da eta 26 metro baino gehiagoko altuera hartuko du Aldatzeraino. Igogailuaren eta Aldatzeren artean dagoen trenbidearen gaineko espazioan pasabide bat jarriko da, 11,50 metrokoa. Igogailuak hamahiru lagunentzako edukiera izango du (1.000 kilo).
Adjudikatutako proiektuan, halaber, Aldatzetik Itziorainoko espazio guztiaren urbanizazioa ere sartzen da; horretarako, hobekuntza-lanak egingo dira bai oinezkoentzako guneetan bai kalean bertan eta sarbideetan.
Proiektu honekin, Eibarko Udalak erantzun bat ematen die Jardiñeta auzoko bizilagunei; izan ere, udal arduradunak auzoen irisgarritasuna hobetzeko lanean ari dira aspalditik, bai eskailerak eta arrapala mekanikoak, bai igogailu publikoak jarrita, eta esan beharra dago Eibarrek jarraitzen duela aitzindari izaten plangintza honetan.