Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gabonetarako jarduera-egitarau zabala antolatu du Udalak

Errebal Plazian jarri diren Gabonetako argiak.

Errebal Plazian jarri diren Gabonetako argiak.

2023/12/05

Olentzero, Errege Magoak, Txiki park, patinatzeko pista eta barrakak aurten ere umeen gozagarri. Coliseo antzokian, Errebal Plazan, Karmeliten elizan eta Untzagan musika- eta dantza-emanaldiak egingo dira. Artisautza Azokaren 19. edizioa egingo da eta Errebal Plazan bigarren eskuko Gabonetako azoka.

Eibarko Udalak jarduera-egitarau zabala antolatu du Gabonetarako. Jardueren hasiera joan den astean hasi zen kaleetako argiak piztu zirenean.  Kulturak, aisialdiak, artisautzak eta kontsumo jasangarriak beren tokia izango dute programazioan, eta, jakina, Olentzerok eta Errege Magoek ez dute huts egingo.

Olentzero abenduaren 24an etorriko da Eibarrera.  11:30ean kalejira bat egingo da Urkizutik udaletxeraino.  Han, beranduen dabiltzanek, Olentzerori eman ahal izango diote beren gutuna, eta, garaiz ibili nahi dutenek, Pegorako eta Portaleko buzoietan entregatu ahal izango dute abenduaren 11tik 23ra.  Urtarrilaren 5ean, Errege Magoen txanda izango da; 19:00etan irtengo dira Untzgatik.  Bi ordu lehenago, Ipuruako Kiroldegian Nele Dantzaren, Ballet Eibarres-aren, Kaxaren, Koaren eta Ipuruako Gimnasia Erritmikoko Klubaren emanaldia egingo da.  Bertara joan nahi dutenek Portalean jaso ahal izango dituzte gonbidapenak abenduaren 21ean, 9:00etatik aurrera.

Musika- eta dantza-ikuskizun ugari egingo dira herriko hainbat lekutan. Errebal Plazan Kaxaren eta Koa Dantzaren emanaldiak ikusi ahal izango dira abenduaren 14an eta 15ean.  Abenduaren 15ean, orobat, Sostoa abesbatzak, Koro Gazteak eta Juan Bautista Gisasola Musika Eskolaren abesbatzak kontzertua emango dute Karmeliten elizan.  Coliseo antzokian, abenduaren 17an eta 20an, Cielito Musika Bandak eta Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako ikasleek emanaldia emango dute.  Abenduaren 23an, eszenatoki berean, Eibarko Koro Gazteak “Neguko ahotsak” diskoa aurkeztuko du.  Egun bat geroago, abenduaren 24an, Usartza Txistulari Bandak Untzagan joko du, Sostoa abesbatzak lagundurik eta pianoaren, perkusioaren eta metalaren akonpainamenduarekin.

Aisialdiak, umeena bereziki, leku nabarmena izango du aurten ere. Eibarko Udalak eta Eibarko Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) sustatutako urteko kanpainaren barruan, Astelena pilotalekuak Astelena Haur Parkea hartuko du abenduaren 23tik aurrera. Zabalik egongo da, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era, abenduaren 23an, 26an, 27an, 28an, 29an eta 30ean, eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an. Gabonak amaituta, jarduerak martxan jarraituko du eta ateak irekiko ditu larunbatetan, urtarrilaren 13an, 20an eta 27an; otsailaren 3an, 17an eta 24an; eta martxoaren 2an eta 9an.

Errebal Plazan, bestalde, patinatzeko pista bat egongo da abenduaren 22tik urtarrilaren 7ra bitartean.  Abenduaren 22an eta urtarrilaren 6an arratsaldez bakarrik irekiko dira ateak (17.00etatik 20.00etara) eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da. Barrakak herriko hiru tokitan jarriko dira.  Txaltxazelaian bost atrakzio egongo dira eta hiru Urkizun, abenduaren 22tik urtarrilaren 8ra bitartean; dagoeneko karrusel bat martxan dago azaroaren 2tik Toribio Etxebarria kalean, anbulatorioaren ondoko parkean, eta han egongo da otsailaren amaiera arte.

Astelena Haur Parkea eta patinatzeko pista doakoak izango dira, baldin eta kanpainan parte hartzen duten merkataritza-establezimenduetan gutxienez 20 euroko erosketak egiteagatik emango diren bonuak aurkeztuz gero. Bonu barik, prezioa hiru eurokoa izango da eta bi kasuetan, ordu eta erdiz egon ahalko da atrakzioan. Kanpainan parte hartzen duten establezimenduek, halaber, bonuak izango dituzte barraketarako; abenduaren 22, 23, 26, 27, 28, 29 eta 30ean bonuak entregatuta euro bat kostako dira, eta bi euro gainerako egunetan.

Artisautza eta kontsumo arduratsua

Gabonetako Artisautza Azokak,  Eibart-ek eta Eibarko Udalak sustatua, 19. edizioa  beteko du aurten. Aurreko urteetan bezala, gune estali bat jarriko da Untzagan, hamar bat standekin;  bertan artisautza (Zu gehi ni, Hartara, Isabel Orozco, Eskune, Bitxit Kool Lazaera, Mouxka, Eskulan) eta elikadura-produktuak (Lizagasar, Galletiak, Egotza-Maison Dufrexe)  erosi ahal izango dira.

Azoka abenduaren 15etik urtarrilaren 5era egongo da zabalik, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era, baina abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ateak itxita izango ditu.

Gainera, Udalak, kontsumo handiko egun horietan, jasangarritasunaren aldeko apustua egingo du, laugarren aldiz Gabonetako bigarren eskuko azoka antolatuz. Abenduaren 16an egingo da Errebal Plazan eta interesa dutenek bi aukera dituzte. postu bat erreserbatzea edo erabilitako objektuak gordailu-zerbitzuan lagatzea, haiek saltzeaz antolakuntza arduratu dadin.

Bigarren kasu horretan, gehienez hamar objektu onartuko dira, eta horien artean ezingo dira arropa, osagarriak eta tamaina handiko objektuak sartu. Parte hartzeko, ezinbestekoa da adinez nagusia izatea eta aldez aurretik erreserba egitea 943670249 zenbakian edo www.merkabi.eus/eibar webgunean abenduaren 13ra arte, egun hori barne.

Azokaz gain, haurrentzako bi tailer eskainiko dira material birziklatuekin Gabonetako apaingarriak sortzeko. Bat hiru eta sei urte bitarteko haurrentzat izango da; kasu horretan, umeak heldu batekin egon beharko dira; eta beste tailerra sei urtetik gorako haurrentzat izango da. Bost txanda egongo dira 11:30etik aurrera, eta plazak mugatuak direnez, egun berean erreserbatu beharko da Errebalen nahi den txanda.