Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gabonetako kanpainaren edizio berria abian da

Gabonetako kanpainaren edizio berria abian da

Gabonetako kanpaina berriaren aurkezpena.

2018/11/28

Argiak piztearekin batera ekin diote gabonetako kanpainari. Astelena frontoian kokatuko den umeentzako txiki-parkaz eta barraketaz gozatzeko herriko dendetan banatuko dituzte txartelak.

Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) gabonetako kanpaina berri bat ipini du abian herriko denden eta tabernen jarduera sustatzeko. Gabonetako kanpainari ekin zioten atzo asteartea, azaroak 27, herriko merkatariek, kaleak apaintzeko ipini dituzten argiak pizteko ekitaldian; udaleko ordezkariekin batera, Eibar Merkataritza Gune Irekiko dendari eta ostalariek ere hartu zuten parte Eibarko Bizikleta Plazan egin zen ekitaldian. Aldez aurretik, udalak gabonetako kanpaina berriaren aurkezpena hartu zuen.

Gabonetako argiek 45.000 euroko gastua izango dute aurten; udalak 34.800 euro ordainduko ditu eta gainontzekoa Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak jarri du.

'Txiki-parka', kanpainako ekimen esanguratsuena

Astelena frontoian ipiniko duten haurrentzako parkea edo 'txiki-parka' da kanpainako ekimen adierazgarrienetako bat; Eibarko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren babesa du. Abenduaren 22an zabalduko dute eta abenduaren 26tik aurrera gabonetan zehar ere irekiko dute (abenduaren 26an, 27an, 28an, 29an eta 31n eta 2019ko urtarrilaren 2an, 3an eta 4an).

Aurreko urteetan bezala, 'txiki-parka' zabalik egongo da Astelenan urtarrileko (12, 19 eta 26), otsaileko (2,9,16 eta 23) eta martxoko (9,16 eta 23) larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Abenduaren 31n goizez zabalduko dute bakarrik.

Kanpainan parte hartuko duten dendetan banatuko diren txartelak aurkeztu beharko dira 'txiki-parkera' sartzeko. Gutxienez, 20 euroko erosketak egin beharko dira kanpainan parte hartzen duten dendetan txartelak lortzeko. Txartel edo bonu bakoitzak zigilua beharko du eta 'txiki-parkean' ordu eta erdian erabiltzeko balioko du. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako ekimena denez, Eibarko denda guztiek parte hartzeko aukera izango dute, EMGIaren kide izan edo ez.

Barrakak

Eibar Merkataritza Gune Irekiak aurten ere antolatutako kanpainan ez dira faltako barrakak edo umeentzat tiobiboak. Herriko hiru gune ezberdinetan egongo dira: Txaltxa Zelain, abenduaren 22tik aurrera, lau edo bost barraka izango dira; Urkizun, hiru barraka; eta, Anbulatorioko parkean karrusela ipiniko dute. Egunero egongo dira martxan, igandeetan izan ezik, urtarrilaren 6ra arte.

Urkizun eta Anbulatorioan ipiniko dituzten barrakak doakoak izango dira herriko dendetan banatuko dituzten txartelak edo bonuak aurkeztuta, baina egun batzuetan ordaindu beharko da. Txaltxa Zelaiko barraketan ibiltzeko 0,50 euro ordaindu beharko dira, bonua aurkezteaz gain. Txartelak erabili ezin daitezkeen egunetan, berriz, 1,50 euro ordaindu beharko dira barraketan ibiltzeko.

Barraken ordutegia ondorengoa izango da: 11:30etik 15:00etara eta 16:30etik 21:00etara.

Gainera, Udalak martxan jarritako 'Errebal Bizirik' kanpainaren barruan, animazio-jarduera ezberdinak antolatu dira Errebalen. Abenduaren 15ean, 17:30etik 19:30era, animazio-jarduera parte-hartzailea egongo da umeei zuzenduta, "La cuadrilla de la tía" izenburupean. Abenduaren 22an, "Duendes de la Navidad y los carteros" izeneko beste jarduera bat izango da, 17:30etik 19:30era.

Bestalde, EMGIak bultzatzen duen gabonetako kanpainaren barruan ere, herriko dendetan erosketak egiteko aukera egongo da erosketa txartelak erabilita. Aipatutako txartelak edo bonuak abenduaren 3tik aurrera eskuratu ahal izango dira EMGIaren egoitzan 09:15etik 13:45era eta 16:15etik 18:15era, astelehenetik ostegunera eta ostiraletan, 08:15etik 14:45era. Bonu bakoitzak 40 euro balio du eta 50 euroko erosketak egin ahal izango dira. Eibarren bizi direnentzat bakarrik dira eta bono bakarra emango da NAN bakoitzeko edota bertan erroldatuta daudenentzako. Kanpaina honetan 180 dendak edota tabernak baino gehiagok hartuko dute parte. Aipatutako bonuekin erosketak egin ahal izango dira abenduaren 3tik urtarrilaren 5era arte.

Merkatarien elkarteko jarduerak

Bestalde, Eibarko Dendarien Elkarteak gabonetako saskien zozketa antolatu du aurten ere. Gaur asteazkena, azaroak 28, hasiko da eta elkartearen txartelarekin ordainduz gero, gabonetako 40 saski oparituko dira elkarteko kide diren pertsona guztien artean, abenduaren 15era arte.