Gabonetako kanpainaren edizio berria abian da
Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) gabonetako kanpaina berri bat ipini du abian herriko denden eta tabernen jarduera sustatzeko. Gabonetako kanpainari ekin zioten atzo astelehena, azaroak 27, herriko merkatariek, kaleak apaintzeko ipini dituzten argiak pizteko ekitaldian: udaleko ordezkariekin batera, Eibar Merkataritza Gune Irekiko dendari eta ostalariek ere hartu zuten parte Eibarko Bizikleta Plazan egin zen ekitaldian. Aldez aurretik, udalak gabonetako kanpaina berriaren aurkezpena hartu zuen.
Gabonetako argiek 46.000 euroko gastua izango dute aurten; udalak 34.800 euro ordainduko ditu eta gainontzekoa Eibar Merkataritza Gune Irekiak ipiniko du.
'Txiki-parka', kanpainako ekimen esanguratsuena
Astelena frontoian ipiniko duten haurrentzako parkea edo 'txiki-parka' da kanpainako ekimen adierazgarrienetako bat; Eibarko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren babesa du. Abenduaren 16an eta 23an zabalduko dute eta abenduaren 26tik aurrera gabonetan zehar ere irekiko dute (abenduaren 26an, 27an, 28an, 29an eta 30ean eta 2018ko urtarrilaren 2an, 3an eta 4an).
Aurreko urteetan bezala, 'txiki-parka' zabalik egongo da Astelenan urtarrileko (13, 20 eta 27), otsaileko (3,17 eta 24) eta martxoko (3,10 eta 17) larunbatetan., 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Abenduaren 31n goizez zabalduko dute bakarrik.
Kanpainan parte hartuko duten dendetan banatuko diren txartelak aurkeztu beharko dira 'txiki-parkera' sartzeko. Gutxienez, 20 euroko erosketak egin beharko dira kanpainan parte hartzen duten dendetan txartelak lortzeko. Txartel edo bonu bakoitzak zigilua beharko du eta 'txiki-parkean' ordu eta erdian erabiltzeko balioko du.
Barrakak
Eibar Merkataritza Gune Irekiak aurten ere antolatutako kanpainan ez dira faltako barrakak edo umeentzat tiobiboak. Herriko hiru gune ezberdinetan egongo dira: Txaltxa Zelain, abenduaren 22tik aurrera, lau edo bost barraka izango dira; Urkizun, hiru barraka; eta, Anbulatorioko parkean karrusela ipiniko dute. Egunero egongo dira martxan, igandeetan izan ezik, urtarrilaren 7ra arte.
Urkizun eta Anbulatorioan ipiniko dituzten barrakak doakoak izango dira herriko dendetan banatuko dituzten txartelak edo bonuak aurkeztuta, baina egun batzuetan ordaindu beharko da. Txaltxa Zelaiko barraketan ibiltzeko 0,50 euro ordaindu beharko dira, bonua aurkezteaz gain. Txartelak erabili ezin daitezkeen egunetan, berriz, 1,50 euro ordaindu beharko dira barraketan ibiltzeko.
Barraken ordutegia ondorengoa izango da: 11:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:30era.
Eibar Merkataritza Gune Irekiak datozen asteetarako antolatu dituen ekimenez gain, Eibarko Merkatarien Elkarteak eta udalak berak beste hainbeste jarduera antolatu dituzte gabonetarako.
Bestalde, Eibarko Merkatarien Elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu gabonetako kanpainarekin bat eginez; abenduan zehar bi zozketa egingo dira. Aurrenekoan, Eibarko Merkatarien Elkarteko Txartelarekin ('Eibar txartela') erosketak egiten dituzten pertsona guztiak zozketa batean hartuko dute parte; 200 euroko hamar txartel edo bonu zozketatuko dira sektore ezberdinetako bost dendetan gastatzeko.
Bigarren zozketa abenduaren 1etik 20ra bitartean egingo da modu aleatorioan eta elkartearen txartelarekin ordainduz gero, gabonetako 40 saski oparituko dira.