Eibarko Udala
haurrak eta nerabeak

Familia eskola programaren 80 saio egingo dira Eibarko ikastetxe guztietan, familiei hazkuntzan eta nerabezaroan laguntzea helburu

2026/10/15
Logotipoa.

Udal-programa honek, besteak beste, mugak, familia-komunikazioa, ongizate emozionala, pantailen erabilera eta harreman osasuntsuak landuko ditu, hezkuntza-etapa bakoitzari egokitutako edukiekin.

Eibarko Udalak Familia Eskola egitasmoaren beste edizio bat jarriko du abian, herriko Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikastetxe guztietako familiei zuzendutako prestakuntza- eta laguntza-programa. Ekimen honen bidez, aurrez aurreko 80 saio eskainiko dira ikasturtean zehar, haur eta nerabeen hezkuntza-erronkei aurre egiteko tresna praktikoak eskaintze aldera.

Gizartekintza Sailak bultzatuta, programa ikastetxeetan bertan egingo da. Lehen Hezkuntzako familiei zuzendutako 56 saio izango ditu eta Bigarren Hezkuntzakoei beste 24. Ordu eta erdiko iraupenekoak izango dira, eta hezkuntza-komunitate bakoitzaren beharretara egokituak.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du garrantzitsua dela familiei laguntzea, haurren eta nerabeen hezkuntzak eta garapenak erronka berriak planteatzen dituzten garai honetan: “Hezkuntza etxean hasten da, baina familiek ez dute zertan bakarrik aurre egin haztean sortzen diren zalantza eta zailtasun guztiei. Udalak orientazioa eta baliabideak eskaini nahi dizkie, konfiantza handiagoz hezteko, haien seme-alabekiko komunikazioa indartzeko eta ongizate emozionala bultzatzeko. Familia Eskola ekimenarekin babes hori ikastetxeetara gerturatu nahi dugu, familiei laguntzea Eibarko herriaren oraina eta etorkizuna zaintzea ere badelako”, adierazi du.

Edukiak adin bakoitzaren beharretara egokituko dira. Lehen Hezkuntzan, saioek honako gai hauek izango dituzte aztergai: mugak, arauak eta eguneroko ohiturak ezartzea, autonomia, autoestimua, familia-komunikazioa eta gatazkak konpontzea. Halaber, berdinen arteko bizikidetza, zaintza-lanen erantzukidetasuna eta pantaila eta bideojokoen erabilerari buruzko familia-akordioak landuko dira.

Bigarren Hezkuntzan, programak arreta berezia eskainiko die nerabezaroak berezko dituen aldaketei, bai eta horiei nola lagundu entzunez eta elkarrizketa bidez. Besteak beste, mugen eta ordutegien kudeaketa, autonomia, ongizate emozionala, sareetako presio soziala, ziberjazarpenaren prebentzioa eta errespetuan eta tratu onean oinarritutako harreman afektiboen sustapena jorratuko dituzte. Era berean, online jokoarekin, substantziekin eta bestelako kontsumoekin lotutako arrisku-faktoreak landuko dira.

Sofia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azpimarratu duenez, programak gurasoen arteko ohiko kezkei erantzuna ematea ahalbidetuko du. “Familia eta etapa bakoitzak bere zailtasunak ditu. Batzuetan zalantzak sortzen dira: mugak nola jarri, nerabezarora iristean gure seme-alabekin nola hitz egin edo pantaila eta sare sozialen erabilera nola kudeatu. Familia Eskolak gune hurbila eta parte-hartzailea eskaintzen du kezka horiek partekatu, beste esperientzia batzuetatik ikasi eta egunerokotasunean aplika daitezkeen tresna zehatzak eskuratzeko”, azaldu du.

Ikastetxe bakoitzak gehienez zortzi saioko ibilbidea egin ahal izango du. Gaiak aukeratzeko orduan, familien artean hautemandako beharrak eta hezkuntza-komunitatearen beraren ekarpenak hartuko dira kontuan. Saioetan elkarrizketa eta hausnarketa partekatua eta ikasitakoa eguneroko bizitzara eramateko dinamika praktikoak uztartuko dira.

Archelik ekimenaren dimentsio prebentiboan ere egin du azpimarra: “Zailtasunak agertu aurretik familiei laguntzea funtsezkoa da. Gurasoek, epaituak sentitu gabe, beren galderak planteatzeko espazio bat aurkitzea nahi dugu, egungo hezkuntza-erronkei aurre egiteko laguntza dutela jakin dezaten. Prebentzioa, bizikidetza eta ongizate emozionala txikitatik lantzea gizarte osoaren mesederako da”.

Familia Eskola familiei laguntzeko udal-estrategiaren parte da, eta Eibarko Udalak sustatutako bizikidetza eta aniztasunerako, berdintasunerako eta adikzioen prebentziorako planen barruan kokatzen da.

Eusko Bitartekaritza Elkarteak (Asociación Vasca de Mediación, Bitar-Bask) eramango du aurrera programa, Gizartekintzarekin eta ikastetxeekin koordinatuta. Ikastetxeek emango diete familiei programazioaren, daten eta izena emateko prozeduren berri.

Aurtengo edizioarekin, Udalak erraztasunak eman nahi dizkie familiei hezkuntza-baliabideetara eta ikaskuntza partekatuko espazioetara iristeko, familien, ikastetxeen eta udal-zerbitzuen arteko lankidetza indartuz, haurren eta nerabeen garapenari laguntzeko.