Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ezetsi egin dute 'Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria' titulua berreskuratzeko Udalak jarritako gora jotzeko errekurtsoa

2019/01/24

Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak, berriki igorritako ebazpen batean, uste du forma-akats bat egin dela errekurtsoan aurkeztutako Memorian.

Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak igorritako ebazpen batean jakinarazi duenez, ezetsi egin da “Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria” titulua berrizteko Eibarko Udalak jarritako gora jotzeko errekurtsoa.

Dokumentu horretan, Ministerioak aipatzen du errekurtsoa aurkeztean forma-akats bat egin dela, adieraziz "errekurtsoen ebazpenean ez direla kontuan hartzen errekurtsoa jarri duenaren egintzak, dokumentuak edo alegazioak, alegazioen izapidean  aurkezteko aukera izan eta egin ez duenean”. Hortik ondorioztatzen da aurkeztutako Memoria ez dela egokitzen halako prozeduretan exijitutako irizpideetara.

Zentzu horretan, Miguel de los Toyos alkateak zera esan du: “orain administrazioarekiko auzi-errekurtso bat aurkeztea aztertzen ari gara, hasierako ebazpenean ez baitziren zehazten titulua ez berrizteko arrazoiak eta Udalak pentsatu zuen hasieran aurkeztutako Memoria hobe zitekeela. Hala, dokumentu horretan lan egin zuen, azkenik, balorazio berri bat pasatzeko"; dena den, adierazi duenez, “orain beste aukera bat dugu titulua lortzeko, deialdia zabalik baitago dagoeneko, eta seguru nago Eibarko Udalak berrikuntzarekin lotutako jarduerak garatzeko etengabe egiten duen esfortzua baloratua eta aitortua izango dela.

Gertakarien kronologia

“Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria” saria 2011. urtean eman zioten lehen aldiz Eibarri. 2014an berriztu egin zuen titulua. 2018ko martxoan, deialdia ireki zen atzera ere berritzeko eskaera aurkezteko.

Hala, epeak betez, Udalak Memoria bat aurkeztu zuen, non zehatz-mehatz jasotzen ziren aurreko berrikuntzaz geroztik egindako ekintzak eta etorkizunerako konpromisoak, Eibarko hautagaitza babesten zuten entitateen abalekin batera.

Iazko irailaren 6an, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena argitaratu zen, eta Eibar ez zegoen onartutako hirietan; hilabete geroago, Udalak jakinarazpen ofiziala jaso zuen, non aditzera ematen zen ez zela titulua berriztu eta gora jotzeko errekurtsoa jar zitekeela. Bide horri ekin zitzaion ezarritako epeei jarraituz eta, azkenik, ebazpena aurkakoa izan da; hortaz, lehen aipatutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztuko da.