Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskotrenek gaueko tren-zerbitzua indartuko du San Juan jaietako egunik seinalatuetan, Eibarko Udalak hala eskatuta

Ardantzako tren geltokiaren artxiboko irudia.

Ardantzako tren geltokiaren artxiboko irudia.

2022/06/17

Zerbitzu bereziak egongo dira Ermua eta Deba artean, 17tik 18rako goizaldean, 18tik 19rakoan, 23tik 24rakoan, 24tik 25erakoan eta 25etik 26rakoan; egun horiek dira-eta jaietako programazioan gauez jarduera gehien dituztenak. Bestalde, El Corte Inglés-eko aparkalekuaren ordutegia luzatu egingo da egun horietan; beraz, 17tik 18ra eta 18tik 19ra bitarteko goizaldeetan zabalik egongo da 03:00ak arte, eta 23, 24 eta 25ean etenik gabe egongo da zabalik.

Euskotrenek tren-zerbitzu bereziak jarriko ditu, San Juan jaietako egun seinalatuenetan Eibarrera datozen pertsonek goizaldean beren herrietara joateko edo gure herrira etortzeko aukera izan dezaten.

Albiste hori gaur goizean jakin da, duela egun batzuk Alkatetzak garraio-operadoreari ohiko zerbitzuak indartzeko premia zegoela adierazi ondoren. Izan ere, ekainaren 17 eta 18rako programatutako kontzertuek eta ekainaren 23, 24 eta 25erako antolatutako jarduerek jende asko erakarriko dute, egun asteburu izateagatik.

Zehatzago: 17tik 18rako goizaldean, 23tik 24rakoan eta 24tik 25erakoan, Ermua-Eibar eta Eibar-Ermua noranzkoetan tren-zerbitzu berezia egongo da, ordu erdiro,   23:50etik 06:20ra eta 00:35etik 06:35etara, hurrenez hurren. Zentzu honetan, azpimarratu beharra dago egun horietako goizaldeetan ez dela egongo tren-zerbitzurik Eibar-Deba eta Deba-Eibar noranzkoetan, trenbidean lanak egin behar dituztelako gaueko ordutegian.

Bestalde, 18tik 19ra eta 25etik 26rako gauetan indartu egingo da Euskotrenek larunbat gauetan eman ohi duen zerbitzua.  

Hala, Ermua-Deba ibilbiderako, 30 minutuan behin tren-zerbitzua egongo da 22:12tik 6:50era bitartean, nahiz eta zerbitzu batzuk Eibar izango duten azken helmuga. Bestalde, Deba-Ermua ibilbideari dagokionez, 23:05etik aurrera tren bat egongo da orduero, Debatik aterako dena, eta ordu erditik ordu erdira tren bat egongo da Eibar eta Ermua arteko ibilbidea betetzeko, 22:30etik 7:32ra.

Jon Iraola alkateak zera esan du: "Bermatu nahi izan dugu Eibarko sanjuanez gozatu nahi duten pertsonek izan dezatela garraio publikoaren aukera, bai hona etortzeko, bai beren herrietara itzultzeko. Jakitun gara aurten antolatu ditugun ekitaldiek beste udalerri batzuetako jende asko erakarriko dutela, eta, gainera, sanjuanetako egun seinalatuenak asteburuetan tokatzen direla. Horregatik, beharrezkotzat jo dugu ziurtatzea joan-etorriak modu seguru eta arduratsuan egin ahal izango direla gaueko edo goizaldeko edozein unetan, norbere autoa hartu beharrik gabe.”. 

Ordutegi berezia El Corte Inglés-aren aparkalekuan

Tren-zerbitzua indartzeko egin diren gestioez gain, Alkatetzak El Corte Inglés-i eskatu dio zentroaren ohiko ordutegia luzatzeko; izan ere, garraio publikoaren erabilera sustatu nahi bada ere, pertsona asko beren autoetan etorriko da herrira.

Arrazoi horrengatik, eta aparkaleku hori herriaren erdialdean bertan dagoenez, doako aparkalekuko aukera egokitzat jo da.

Alkatetzak egindako eskaerari erantzunez, El Corte Inglés-ek baiezkoa eman du eta bere aparkalekua zabalik egongo da egun eta ordu hauetan:

Ekainaren 17tik 18ra bitarteko eta 18tik 19rako goizaldeetan, 03:00ak arte egongo da zabalik. Ekainaren 23, 24 eta 25ean, etenik gabe egongo da irekita,  hilaren 23ko ohiko irekiera-ordutegitik hilaren 26ko (igandea) 15:00ak arte.

Alde horretatik, Jon Iraola alkateak eskerrak eman nahi dizkie bai Euskotreni bai El Corte Inglés-i “gurekin lankidetzan aritzeko hasieratik erakutsi duten jarrera onagatik eta helarazi dizkiegun eskaerei erantzuteko izan duten prestutasunagatik, badakidalako ahalegin ekonomiko eta logistikoa egin behar izango dutela.”