Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak ixtea erabaki du Jaurlaritzak, eta etxeratze agindua 22:00etara aurreratu du

Toribio Etxebarria kalean hartutako irudia.

Toribio Etxebarria kalean hartutako irudia.

2020/11/06

Neurri berriak bihartik (larunbata) aurrera, azaroak 7, sartuko dira indarrean, eta, aurreikuspenen arabera, hilabete osoan zehar luzatuko dira. Murrizketa berrien artean, jarduera sozio-ekonomikoak 21:00etan mugatzea ere azpimarratu dute.

Eusko Jaurlaritzak urriaren 26an argitaratutako dekretuaren aldaketa bat argitaratu du gaur goizean EHAAn (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), mugikortasuna eta kontaktuak are gehiago mugatzeko neurri berriak sartzeko, COVID-19ren transmisioa eten ahal izateko.

Erabakia atzo, azaroak 5, eman zen jakitera, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordea osatzen duten kideek egindako bileraren ostean.

Murrizketa berriak bihartik aurrera (azaroak 7) sartuko dira indarrean Euskal Autonomia Erkidego osoan, eta honako hauek dira: 

  • Gaueko 22:00etatik goizeko 06:00etara pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzea.
  • Jarduera sozioekonomikoak 21:00etatik aurrera mugatzea. Merkataritza-establezimendu guztiei eragingo die, farmaziei eta gasolina-zerbitzuguneei izan ezik.
  • Kultu-aretoen edukiera % 35era jaistea.
  • Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak ixtea. Kanpoan geratzen dira hoteletako eta beste ostatu batzuetako jantokiak, egoiliarrei zerbitzua emateko. Etxez etxeko otorduak prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira, edo aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte. Kanpoan geratzen dira gasolindegietan eta zerbitzuguneetan, osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan, eskola-jantokietan, lan-jantokietan eta jantoki sozialetan sartzen diren jatetxe-zerbitzuak.
  • Jarduera, ikuskizun edo ekitaldi kultural oro 21:00ak baino lehen amaitu beharko da. Eten egiten dira entsegu kolektiboak eta musika, ahots edo dantza ez-profesionalen emanaldiak.
  • Taldeko edozein kirol-jarduera etetea, lehiaketa profesionala edo erdi-profesionala izan ezik. Debekatuta dago kirol-ekitaldietara joatea. Gimnasioetan, kirol-klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak egin ahal izango dira, betiere maskara erabiliz egiten badira, gehienez sei laguneko taldeetan eta gehienez % 40ko edukierarekin.
  • Joko- eta apustu-establezimenduak eta -lokalak ixtea.
  • Garraio publikoa lurralde historikoan ateratzeko gehieneko ordutegia gaueko 22:30ean finkatzea. Salbuetsita dago taxiz edo gidaridun ibilgailuz garraiatzea.
Eusko Jaurlaritzak "indarrak batzea" eta "guztion onerako, osasun publikorako, pertsona bakoitzaren onena" jartzea eskatu du. Era horretan, "Neurriak betetzeko orduan ahalik eta zorroztasun eta erantzunkidetasun handiena" eskatu dute, eta, aldi berean, mugikortasuna eta bizitza soziala ahalik eta gehien murriztea eskatu dute, konfinamendu berri bat saihesteko eta Gabonetara "ahalik eta baldintza onenetan iristeko".