Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eusko Jaurlaritzak murrizketak gogortzea erabaki du Gabonetako jaietan, Covid-19aren hedapena geldiarazteko

Eibar. Artxiboko irudia.

Eibar. Artxiboko irudia.

2020/12/23

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak dekretu berri bat argitaratu du gaur, abenduak 23, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, zeinaren bidez prebentzio-neurri espezifikoak eguneratu baitira, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.

Horrela, dekretu berriak honako neurri hauek jasotzen ditu Gabonetako jaietarako:

  • Gaueko ordutegian zirkulatzeko askatasuna mugatzeari dagokionez, "Erabaki da, 2020ko abenduaren 24tik 25era eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era bitarteko gauetan, 00:30ean hastea zirkulatzeko askatasuna mugatzeko ordua, eta, betiere, etxera itzuli ahal izateko soilik. Ordutegi hori ez da inola ere erabiliko bilkura sozialetara joateko".
  • Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartzeko eta ateratzeko mugak. "2020ko abenduaren 23tik 26ra eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era, Euskal Autonomia Erkidegoan sartzeko edo irteteko joan-etorrietarako muga kentzen da, baldin eta pertsonak senideen edo hurbileko pertsonen ohiko bizilekura joateko bada. Nolanahi ere, joan-etorri horiek egiteko aukera egongo da, helburuko erkidegoan ezarritako pertsona-taldeen mugak betetzen badira, betiere".
  • Pertsona-taldeak espazio publikoetan eta pribatuetan egotea mugatzea. "2020ko abenduaren 24an eta 25ean, Eguberri-bazkariak eta -afariak egiteko familia-bilkuretan, hamar lagun bilduko dira gehienez. Gomendatzen da bi bizikidetza-unitate baino gehiago ez elkartzea, unitate horiek beti berak izatea, eta, nolanahi ere, arreta eta zaintza berezia izatea COVID-19aren aurrean egoera ahulean dauden pertsonekin. Aurrekoaz gain, 2020ko abenduaren 31n eta 2021eko urtarrilaren 1ean, urteari agurra eta sarrera emateko bazkariak eta afariak egiteko familia-bilkurak ezingo dira sei lagunetik gorakoak izan".

Prebentzio-neurri espezifikoak eguneratzea

Bestalde, onartutako dekretu berriak prebentzio-neurri espezifikoak eguneratzen ditu. Hona hemen neurri horiek:

  • 2020ko abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta 2021eko urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an, merkataritza-establezimendu guztiak eta ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzu guztiak 18:00etan itxi beharko dira. Gasolindegietarako, zerbitzuguneetarako eta farmazietarako salbuespenak mantenduko dira.
  • 2020ko abenduaren 25ean eta 2021eko urtarrilaren 1ean eta 6an, merkataritza-guneak eta ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuak oro ezin izango dira 09:00ak baino lehen ireki.
  • 2020ko abenduaren 30etik 2021eko urtarrilaren 2ra bitartean, kanpinek debekatuta dute abenduaren 28a baino lehen ostatu hartu ez duten bezeroak onartzea.
  • Debekatuta dago 2020ko abenduaren 31n eta 2021eko urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an kotilioiak edo oturuntzak egitea hotel, landetxe, kanpin edo beste edozein establezimendutan, espazio komunetan, zein gela, bungalow edo apartamentuetan. Jatetxe-zerbitzua duten establezimenduetan, abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean, 20:00etatik aurrera, bertan ostatu hartu eta behar bezala erregistratuta dauden pertsonei soilik zerbitzatu ahal izango zaizkie afariak, eta 23:30ak baino lehen hustuko dira jantokiak. Bazkarietan eta afarietan ezingo da inolaz ere mahai bakoitzeko sei pertsona baino gehiago elkartu, eta edukierari, distantziari eta maskaren erabilerari buruzko gainerako prebentzio-neurriak errespetatu beharko dira.
>> Kontsultatu hemen 47/2020 DEKRETUA, abenduaren 22koa, lehendakariarena, zeinaren bidez aldatzen baita honako dekretu hau: 44/2020 Dekretua, abenduaren 10ekoa, lehendakariarena, zeinaren bidez prebentzio-neurri espezifikoak testu bakar batean bildu eta eguneratuko diren, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko