Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskarazko produktuen katalogo berria prest paperean eta Interneten

2016/11/28

Haur eta gazteentzako ehunka produktu dituen katalogoa Eibarko ikastetxeetan banatuko da azaroaren 28tik aurrera. Osotara eraberritu den katalogoa.eus webguneak 6.000 produktu baino gehiagoren erreferentziak biltzen ditu jada.

Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez —aurtengoa 18. edizioa da—, Euskal Herriko 140 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk. Modu horretan, seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izango da. Katalogoa.eus web orriaren helburua da merkatuan aurki daitezkeen euskarazko produktuak erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea. Eibarren, datorren astean, azaroaren 28tik aurrera, banatuko dituzte katalogoak ikastetxeetan.

Aurten, bai web atariak bai paperezko edizioak, berrikuntza nabarmenak dituzte. Webgunea eraberritu egin dute diseinu berriarekin atondua, errekurtso gehiagorekin hornitua, tablet-etan ikusteko egokitua eta produktuen erreferentziak bilatzeko antolamendu berriarekin txukundua. Hartara, aurrerantzean bi atal nagusi izango ditu katalogoa.eus webguneak: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bestea. Horrez gain, horietako atal bakoitzak hainbat baliabide eskaintzen ditu bi adin tarte nagusi horiei egokituak: intereseko web orrien loturak, kultura eta aisialdirako agenden loturak, eta Facebook eta Twitter sare sozialen bitartez jarraipena egiteko aukera. Halaber, webgune berriak aldi oro argitaratzen diren nobedadeen erreferentziak jasotzen dituen buletin elektronikora harpidetzeko formularioa eskaintzen du eta baita paperezko bertsioaren PDFa deskargatzeko modua ere.

125.000 ale baino gehiago Euskal Herrian

Egunotan banatuko dira paperezko edizioaren 125.000 aleak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, iaz baino bost mila ale gehiago; Eibarren 2.700 katalogo eta 2.000 orri-markatzaile banatuko dira. Edizio digitalean ez ezik, paperezkoan ere berrikuntza ugari sartu dira aurten. Lehen aldiz bi azal izango ditu paperean editatzen den katalogoak: azal batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta beste aldeko azalak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. Aurkezpen berri honi esker produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari.

Paperezko edizioak ez ditu jasotzen katalogoa.eus webgunean jasota dauden 2016ko produktu guzti-guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.