Eibarko Udala
ekintzailetza LH

Euskadiko 3.000 ikaslek baino gehiagok eta LHko 61 zentrok hartu dute parte Eibarko Ikasenpresa Azokan

2026/02/05
Eibarko Ikasenpresa Azokaren inaugurazioa. Argazkian, autonomiako eta tokiko erakundeetako ordezkariak.
Eibarko Ikasenpresa Azokaren inaugurazioa. Argazkian, autonomiako eta tokiko erakundeetako ordezkariak.

Euskadiko Lanbide Heziketaren talentu ekintzailearen epizentro izan da gaur Eibar. Untzaga, Txaltxazelai eta Errebalen 622 proiektu ikusi ahal izan dira.

Gaur Eibarren Ikasenpresa Azoka egin da: 3.000 ikaslek baino gehiagok eta Euskadiko Lanbide Heziketako 61 ikastetxetako 190 irakaslek hartu dute parte. Jardunaldian 622 ekintzailetza-proiektu aurkeztu dira, hiria berrikuntzaren eta ekintzailetza-kulturaren erreferente gisa finkatuz Euskadiko LHren barruan. Aurten, Untzaga eta Txaltxazelai plaza tradizionalez gain, Errebalek ere hartuko du azokaren parte bat. Guztira, lau karpa tematiko egongo dira hirian zehar banatuta, eta eremu profesionalen arabera antolatuta: industria eta fabrikazio aurreratua; digitalizazioa eta konektibitatea; merkataritza eta mugikortasuna; eta ongizatea. 

Bisita instituzionalean izan dira Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Jon Iraola Eibarko alkatea, Vanesa Hortas Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzia, Inge Gorostiaga Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Eraldaketa Digitaleko eta Ikaskuntza Aurreratuetako zuzendaria eta Ergiña Urzelai Ikasenpresa proiektuaren arduraduna. 

Sailburuak nabarmendu duenez, "ekimen honekin berretsi egiten da Lanbide Heziketak Euskadiko berrikuntzaren, talentuaren eta garapen ekonomiko eta sozialaren eragile gisa duen zeregina".

Jon Iraola alkateak hiriak Lanbide Heziketan historikoki izan duen garrantzia azpimarratu du: “Eibar beti izan da Euskadiko Lanbide Heziketaren bihotza. Erreferentziazko hiru ikastetxe ditugu: UNI Eibar-Ermua, Armeria Eskola eta Azitaingo Oinzarrizko LH Institutua. Tradizioa eta berrikuntza uztartu eta kalitatezko prestakuntza eta benetako lan-irteerak eskaini dituen hiri baten ikurrak dira”.

Era berean, nabarmendu du aurten azoka beste toki batzuetara eramango dela nabarmendu. “Aurten Untzagako eta Txaltxazelaiko guneez gain, Errebalen ere egongo da azoka; gure asmoa da hiri guztia izatea ikasleen talentuaren eta sormenaren lekuko”.

Amaitzeko, hauxe gehitu du ikasleen ilusioari eta ahaleginari buruz: “Ikusten dugun egitasmo bakoitza gure gazteen lanaren, prestakuntzaren eta sormenaren emaitza da. Eta erakusten dute gogor lan eginda, aurre egin diezieketela lan-merkatu gero eta exijenteago baten erronkei”.

Ekintzailetza-proiektuak LHn

Hezkuntza Sailak bultzatutako programa bat da Ikasenpresa, Lanbide Heziketaren barruan kultura ekintzailea sustatzen duena, erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza-eredu baten txertatua. Ekimen honen bidez, ikasleek ideia ekintzaileak sortu eta kudeatzen dituzte ingurune praktiko eta errealista batean; hainbat gaitasun lantzen dituzte, hala nola talde-lana, berrikuntza, erantzukizuna eta komunikazioa, eta beren espezialitate teknikotik, balioa emanez, erantzuna ematen diete egungo behar sozial, teknologiko eta produktiboei.

Eibarko azoka formakuntza-prozesuaren azken etapa da. Simulazioa bada ere, erakusten diren produktuak eta zerbitzuak benetakoak dira eta sektore profesional jakin batzuei lotuta daude, parte hartzen duten ikastetxeetako irakasleen laguntzari esker.