Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskadiko 1. hezkuntza robotika txapelketa Astelena frontoian

2017/06/27

Euskadi Robotika Eibarko Udalaren ekimena da eta eskualdeko gainerako udalek bat egin dute. Datorren urrian izango da. Uztailean eta irailean robotika-tailerrak egingo dira Debabarrenako hainbat udalerritan.

Euskadiko eskola arteko lehen Robotika Txapelketa izango da Eibarren, irailaren 23an, Astelena frontoian. Ekimen hau Eibarko Udaleko Garapen Ekonomikoa Sailak sustatu du, baina eskualdeko jarduera bihurtu da, gainerako udalerriek ere bat egin dutelako. Ekintza Doplay enpresak antolatuko du, sektore horretan aditua baita, eta Debegesak koordinatuko du.

 Euskadi Robotika (www.gazterobotika.eus) da txapelketaren izena eta robotikaren eta teknologia berrien inguruko elkar-gunea izateko asmoz dator. Helburu nagusia 8 eta 16 urte bitarteko ume eta gaztetxoak animatzea da, robotikan eta programazioan lehen pausoak eman ditzaten. Horrez gain, taldeko lana bultzatu eta arazoak ebazteko gaitasuna garatzen lagundu beharko luke ekimen berriak.

Txapelketa honetan diziplina asko hartuko dira kontuan, eta robotak taldeka prestatuko dituzte. Robotek hainbat proba pasa beharko dituzte: sumo borroka, zehaztasunezko eta luzerako jaurtiketak, oztopo-lasterketa eta zamak mugitzea. Bideo-jokoen atala ere egongo da, eta hor bideo-jokoa sortu beharko dute parte-hartzaileek, zerotik hasita.

Irailean, bi guneetan banatuko dute Astelena frontoia: txapelketa-gunea eta erakusketa-gunea. Bigarren zatian, sarrera libreko tokia prestatuko dute, eta han edonor ibili ahal izango da droneak eta robotak erabiltzen ikasten. Bestelakoak ere egongo dira gune librean: 3Dko inprimagailuak programatzeko tokia, eta lanbide heziketako zentroek, zentro teknologikoek eta enpresek egindako proiektuak ikusteko esparrua.

Txapelketa honen harira, udako tailerrak egongo dira Debabarrenako herrietan (20 orduko ikastaroak, bost goiz, astelehenetik ostiralera). Eta tailer horietan robotak prestatu ahal izango dituzte ume eta gaztetxoek.

Udal bakoitzak aukeratuko ditu bere ikastaroen datak, eta hauek izango dira ohikoenak: uztailaren 10etik 14ra, 17tik 21era, abuztuaren 28tik irailaren 1era eta irailaren 4tik 8ra.

Interesdunek aurrematrikula egin dezakete txapelketaren web-orriaren bitartez.

Txapelketa hau STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematikak, ingelesez) bokazioak gazteen artean sustatzeko Eibarko Udalaren apustu estrategikoaren baitan dago, eta taldeko lana du ardatz. Gaitasun teknikoak sustatzea etorkizuneko jardun ekonomikoa indartzeko asmoaren parte da, eskualdeko industriak izango dituen erronkei aurre egin ahal izateko.

Robotika-txapelketa salto kualitatiboa da, robotika-tailerrekin alderatuta (Ibilbide Teknologikoak), duela lau urtetik hona antolatu direnak. Tailerrek parte-hartzaile asko dituzte eta horiek ere Udaleko Garapen Ekonomikoaren Sailak antolatzen ditu, Lehen Hezkuntzako 3 mailatik Bigarren Hezkuntzako 4. mailara arteko ume eta gaztetxoentzat.