Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eulogio Garate kaleko igogailua: beste urrats bat gehiago Eibarren irisgarritasuna hobetzeko

2016/02/25

Goragailu berria joan zen asteburuan jarri zen martxan obrak hile batzuetan egiten ibili ondoren; aurrekontua 300.000 euro pasatxo izan da. Udalak jarraitzen du irisgarritasunaren eta mugikortasunaren alde egin duen apustuari eusten. Agintaldi honetarako proposamen berriak dauzka.

Eulogio Garate eta Mutiola kaleen arteko igogailu publiko berria martxan ipintzean beste aurrerapen handi bat eman da Eibarko Udalak abian duen plangintzan, hiriko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzen duten jardunak hedatzeko asmo sendo horretan. Joan zen asteburuan jarri zen martxan igogailu berria; Proviser Ibérica SL enpresak lau hile baino gehiago eman ditu hango obrak egiten. Kostua, BEZa barne, 301.155 eurokoa izan da.

Eulogio Garate kalean dago igogailu jarri berria, kale hori Mutiola kalearen barrenarekin elkartzen duten eskaileren parean; 9 metrokoa da haren ibilbidea. Fatxada-lerrokaduratik 3,50 metroko tartea du, etxebizitzen bistari ahalik eta kalte gutxien egitearren. Igogailua Mutiola kalearekin elkartzeko 11,68 metroko pasarela bat egin da. Igogailu honek 630 kilo hartzeko kapazitatea du (zortzi pertsona).

Igogailuaren instalazio-obrarekin batera,  inguruaren berrurbanizazioarekin osatu da, hura inguratzen duen oinezkoen gune bat eginez, hango espaloiarekin elkartua.  Igogailuaren eta Portalearen artean koexistentzia-gune bat jarri da, oinezkoak goragailura sartu ahal izan daitezen.

Proiektu berriak

Eibarrek aurrera darrai irisgarritasuna hobetzeko asmoan, igogailu publikoak nahiz eskailera eta arrapala mekaniko asko jarrita.  Juan Jose Pons Nafarroako Unibertsitateko irakasle eta geografoak duela gutxi egin duen ikerketa batean, Hiri Mugikortasun Bertikalaren I. Kongresuan aurkeztu zuen ikerketa, hauxe azpimarratzen zuen: Espainia osoan, Eibar dela hirugarren hiria kaleetan mugikortasun bertikaleko aparatu gehien duena, Bartzelonaren eta Bilboren atzetik.  Datu hori aparatu-kopuru osoari dagokio; beraz, biztanle-kopurua kontuan hartuz gero, sailkapen horren goreneko postuan dago Eibar.

Joan zen astean Eulogio Garate kalean jarri zen igogailua ez da izango azkena Eibarren. Udalak lanean dihardu irisgarritasun planak aurrera ateratzen, eta agintaldi honetarako gobernu sozialistak duen programak hainbat asmo ditu toki hauetarako: Mekola, Jardiñeta, Hezkuntza Esparrua, Tiburzio Anitua, Iparragirre, Bidebarrieta.