Eibarko Udala
dirulaguntzak

Etxebizitza eta Hiri Agendaren Ministerioak alkatearen eskaerari erantzun dio, eta 3 milioi euro bideratuko ditu Murrategi auzoa eraberritzeko

2026/07/14
Murrategi.

Laguntza hau dagoeneko jasota dago 2026ko aurrekontu-ekitaldian etxebizitzaren arloko zuzeneko dirulaguntzak ematea arautuko duen Errege Dekretuaren proiektuan. Errege Dekretuaren behin betiko testua datozen asteetan argitaratuko da, ekainaren 24an alegazioak aurkezteko epea amaituta.

Isabel Rodríguezek zuzentzen duen Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioak aintzat hartu du Jon Iraola Eibarko alkateak egindako eskaera: 3 milioi eurora arteko diru-laguntza bideratzea Eibarko Murrategi auzoan eraikinak birgaitzeko eta hiri- eta landa-eremuak eraberritzeko.

Laguntza hori dagoeneko jasota dago 2026ko aurrekontu-ekitaldian sail horrek zuzeneko dirulaguntzak ematea arautuko duen Errege Dekretuaren proiektuan. Alegazioak aurkezteko epea ekainaren 24an amaitu zen, eta Errege Dekretuaren behin betiko testua datozen asteetan argitaratuko dute.

Jon Iraola Eibarko alkateak eta zinegotziek azken hilabeteetan Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioaren aurrean egin dituzten gestioek fruituak eman dituzte.

“Maila goreneko gestioak egin behar izan ditugu dirulaguntza hori, azkenean, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioaren 2026. urteko dirulaguntzen Errege Dekretuaren proiektuan jasota egotea lortzeko. Alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkiot bereziki Isabel Rodriguez ministroari —duela urtebete baino gehixeago Txonta auzoa ere bisitatu zuena Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuarekin batera— Eibarko herriarekin duen konpromisoagatik eta, bereziki, Murrategi auzoaren premiekiko duen sentsibilitateagatik”, adierazi du alkateak.

Era berean, alkateak auzotarren pazientzia ere eskertu nahi izan du. “Ministerioak eta Udalak berak Murrategi auzoarekiko konpromisoa hasieratik erakutsi badute ere,  Errege Dekretuaren proiektuan dirulaguntza txertatzeko egin beharreko izapideak eta gestioak nahi baino gehiago luzatu dira. Azpimarratu nahi dut, komunikabideetan zabaldu den guztia gorabehera, ez diogula lan egiteari utzi harik eta auzoa hobetzeko ezinbestekotzat jotzen dugun laguntza ekonomikoa lortu arte”, gaineratu du Jon Iraola alkateak.

Dirulaguntza hau Espainiako Gobernuak 2022ko Estatuko aurrekontu orokorrei onartutako EH Bilduren zuzenketa baten emaitza da, eta, orain arte, sartu gabe zegoen Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioak eman beharreko urteko dirulaguntzen artean.

“Dirulaguntzatik haratago, albiste honen garrantzia da, hain zuzen ere, beste behin ere udal gobernuak kudeaketarako gaitasuna erakutsi duela eta hiriarentzat estrategikoak diren proiektuak bultzatzeko funtsak lortzeko gai garela. Hala egin genuen, adibidez, Armagintzaren Museoarekin eta, oro har, LJE funtsekin, Estaziño eta Azitain arteko pasealekuarekin, Torrekuako zentro sozial berriarekin, eta berriro egin dugu Murrrategirekin” nabarmendu du alkateak.

Dirulaguntza, besteak beste, auzoko azpiegiturak eta espazioak, eraikuntza-multzoa eta sarbideak hobetzeko erabiliko da. Prozesu horren bide-orria Murrategi auzoko Birgaitze Integratuko Plan Bereziak markatzen du.

“Edonola ere, asmoa da EH Bildurekin –zuzenketaren sustatzailea eta PSE-EEren bazkidea herriaren ekialdeko eremua biziberritzeko lanetan– eta auzotarrekin adostea Murrategin aurrera eraman beharko ditugun ekintza zehatzak”, amaitu du Iraola alkateak.

Eibarko Murrategi auzoko Birgaitze Integratuaren Plan Berezia

2021ean, Eibarko Udalak Murrategi auzorako Birgaitze Integratuaren Plan Berezia onartu zuen. Plan horrek 2016an egindako azterlan sozio-urbanistiko bati erantzuten zion eta bertan auzoa berroneratzeko premia azpimarratzen zen. Planaren helburua da auzoko ehun urbanoa lehengoratzea, babestea, kontserbatzea eta hobetzea, bai eta auzotarren bizi-baldintzak hobetzea lortzeko jarduera-sorta bat proposatzea ere.

Dokumentu horrek auzoan dauden bizitegi-eraikin guztiak beren egungo ordenamenduarekin finkatzen ditu: guztira 6 eraikin eta 28 etxebizitza.

Halaber, auzoa berroneratzeak berekin ekarriko luke lurrak erostea eta gero parke eta aparkaleku bihurtzea; ibilgailuentzako sarbideak hobetzea; galtzadak birgaitzea; argiztapena hobetzea eta beharrezko hiri-altzariak jartzea.

Murrategiko Birgaitze Integratuko Plan Berezia onartu zenetik, Udalak lanean dihardu dokumentuan jasotako proposamenak aplikatzeko. 2022an, Udalak birgaitze-prozesuari ekin zion, Planaren eremuak eragindako lursailetako bi erosita. Gainera, Udala, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Ego ibaia eta haren ertzak auzotik igarotzean leheneratzeko proposamenak kudeatzen ari da, ingurune osoa hobetzeko asmoz.