Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Espainiako Gobernuak berretsi du Eibarko Parke Teknologikoaren bigarren fasean inbertitzeko konpromisoa duela

Jon Iraola Eibarko alkatearen eta Raül Blanco Industriako idazkari nagusiaren arteko bileraren irudia.

Jon Iraola Eibarko alkatearen eta Raül Blanco Industriako idazkari nagusiaren arteko bileraren irudia.

2021/05/06

Aurreko asteartean, maiatzak 4, alkateak eta Raül Blanco Gobernu zentraleko Industriako idazkari nagusiak Madrilen egindako bileratik ondorioztatzen denez, eutsi egiten zaio bere garaian Reyes Maroto Industria, Merkataritza eta Turismoko ministroak hartutako konpromisoari. Jon Iraola: “Eibarko eremu honetan egindako inbertsio garrantzitsuari esker, tokiko industria bultzatzeaz gain, lurzoru berria sortuko da industria bertan finkatzeko eta Eibar herriaren posizionamendu eta lidergoa eskualdean indartzeko, enpresa teknologiko berrientzako eta, ondorioz, kalitatezko enpleguarentzako erakarpen-gune bihurtuz”.

Jon Iraola Eibarko alkatea Madrilera joan zen aurreko asteartean, maiatzak 4, Raül Blanco Industriako idazkari nagusiarekin biltzeko. Bere garaian Reyes Maroto Industria, Merkataritza eta Turismoko ministroak Eibarko Parke Teknologikoaren bigarren fasea bultzatzeko konpromisoa zuela adierazi zuen, eta, horren harira, Jon Iraolak bilera bat izan du proiektua formalki aurkezteko eta laguntza hori finkatzeko helburuz.

Bilera horretan, Industriako idazkari nagusiak berretsi du Tekniker ondoko lursailetan parkea handitzeko konpromisoa.

Iraolaren hitzetan, “gaur eduki dugun bilera oso ondo joan da; izan ere, Industria Ministerioarekiko lankidetzaren xehetasunak zehazteaz gain, garbi ikusi dugu proiektuan laguntzeko haien konpromisoak aurrera jarraitzen duela. Zalantzarik gabe, oraindik denbora beharko da, baina inbertsioa egingo dela jakiteak, eta Erisono poligonoaren 2. fasea garatzeak, tokiko industria bultzatzeaz gain, Eibarrek eskualdean duen posizionamendua indartuko du, eta Eibar enpresa teknologiko berrientzako eta kalitatezko enpleguarentzako erakarpen-gune garrantzitsu bihurtuko da. 

Eta, gaineratu duenez, "gutun bat bidaliko diot Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuari bilera bat eskatzeko, haren sailak proiektu hau hartzeko eta finantzaketan laguntzeko prest dagoen ezagutze aldera, gai honetan Eusko Jaurlaritza da-eta eskuduna.”

Raül Blanco Industriako idazkari nagusiak alkateari baieztatu dio ekainean bisita bat egingo duela Euskadira eta, besteak beste, Teknikerreko instalazioak bisitatuko dituela.

Bestalde, Euskadira egindako bisita aprobetxatuz, Blancok makina-erremintaren klusterrarekin (AFM, Advanced Manufacturing Technologies, Makina-erreminta Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteaa)  informazio-saio batean parte hartuko du. Bertan, Industria Ministerioak gure herrialdean sektore hori garatzeko eta modernizatzeko bideratuko duen 50 milioi euroko inbertsioaren xehetasunak azalduko ditu.